EAJren ABBk astearte honetan jakinarazi zuen Beatriz Artolazabal izango dela jeltzaleen Gasteizko alkategaia. Orduz geroztik, begirada guztiak Gorka Urtaranengan jarrita izan dira. Gaur goizean, bi eguneko isiltasuna apurtu du alkateak, ohiko prentsaurreko batean.
2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan zerrendaburu gisa bera baztertzeko alderdi jeltzalearen zuzendaritzak hartutako erabakia defendatu du Urtaranek: "Alkategai ez izateko erabakia adostua eta partekatua izan da". Gainera, Jose Antonio Suso ABBko presidentea bere "aita politikoa" dela esan du alkateak, baita Beatriz Artolazabal alkategai berria bere "kide eta laguna" dela ere.
"Ziklo bat ixtea tokatzen da, eta errelebo baten garaia iritsi da", adierazi du Urtaranek. Izan ere, 22 urte daramatza Udalean: hasieran funtzionario gisa; gero, 2011tik, oposizioko zinegotzi gisa, eta azken zortzi urteak alkate gisa, 2015etik. "Orain arte zegoena ez zuen EAJren ideologia islatzen, ezta euskal gizartea ere; emakume asko eta talentu handikoak daude", aldarrikatu du.
Azkenik, Urtaranek esan du EAJk "beste zeregin batzuetarako profil politiko interesgarri bat" ikusi duela bere pertsonan, baina ez du argitu zeintzuk izango diren. Halaber, legegintzaldia 2023ko ekainera arte amaituko ez dela gogorarazi du: "Hiriaren aldeko konpromiso eta motibazio berarekin jarraituko dut lanean".