Begirada guztiak jarrita zeuden gaur arratsaldean Arabako EAJren exekutibak Andre Maria Zuriaren plazako egoitzan deitutako bileran. 20:00ak aldera, bertan hartutako erabakien berri eman du ABBk, Gasteizko alkate, diputatu nagusi eta Batzar Nagusietako lehendakari izateko hautagaien proposamena aurkeztuz.
Maiatzean ospatuko dira 2023ko udal eta foru hauteskundeak, eta Jose Antonio Suso buru duen Araba Buru Batzarrak Ramiro Gonzalez eta Irma Basterra proposatu ditu ahaldun nagusi eta Batzar Nagusietako lehendakari izateko hautagai gisa. Bestalde, Gorka Urtaranen hautagaitza baztertu eta Beatriz Artolazabal (Gasteiz, 1970) proposatu dute EAJren Gasteizko alkategai izateko, aurreikuspen askok iradokitzen zuten bezala. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua da Artolazabal.
Orain, Gasteizko alderdikideek aukeratuko dute Gasteizko zerrendaburua; Arabako alderdikideek, berriz, beste biak. Hori guztia abenduaren 3an amaituko den prozesu baten bitartez egingo dute. Bi itzuliko prozesu bat izango da: azaroaren 3tik 12ra bitartean, izenei babesa eman edo izen berriak proposatu ahal izango dituzte alderdikideek; azaroaren 17tik 27ra, lehen itzulian proposatutako izenen artean aukeratuko dute. Prozesua Herrialde Batzar batekin amaituko da, eta bertan aukeratuko dituzte behin betiko zerrendak.
EAJren oinarriek Artolazabalen hautagaitza baieztatzen badute, lau emakume alkategai lehiatuko dira Gasteizko hurrengo hauteskundeetan, jeltzaleak Maider Etxebarria (PSE), Rocio Vitero (EH Bildu) eta Ainhoa Domaica (PP) izango baititu aurrez aurre.
Gorka Urtaran, albo batera
BEI eta trafikoaren inguruko polemika, inkestetako emaitza txarrak eta bere potentziala "erretzeko" arriskua izan dira Urtaranen hautagaitzari uko egiteko argudio nagusiak, alderdiko iturrien arabera.
Horrela, hirugarren alkatetza jarraian lortu nahi du EAJk, PSErekin koalizioan. 2011n lehen aldiz zerrendaburu gisa lehiatu zen arren, Urtaranek 2015eko ekainaren 13an eskuratu zuen Gasteizko alkatetza. Orduan, bost zinegotzi lortu zituen, baina azkenean boto gehien eskuratu zituen Javier Marotori (PP) kendu zion kargua. Hauteskunde horietan, Urtaranek Miren Larrionek (EH Bildu) baino boto gutxiago lortu zituen, baina subiranistek alkatetza eman zioten, Maroto kanporatzeko konpromisoa betetzeko. Aurrerago, koalizio gobernua eratzeko akordioa erdietsi zuten EAJk eta PSEk. 2019ko hauteskundeetan egoerari buelta ematea lortu zuten jeltzaleek, lehen indarra izatera itzuliz.
Beatriz Artolazabal Albeniz
Ekonomia eta Enpresa zientzietan lizentziaduna da (EHU), eta 52 urte ditu. 2000tik 2007ra bitartean, Gasteizko Udalean zinegotzia izan zen, Gizarte gaietako batzordean bozeramaile gisa eta Ogasun batzordean lehendakari gisa arituz. Halaber, Kontratazio mahaiko bokala izan zen, baita Adingabeen Kontseiluan Udalaren ordezkaria ere. 2008tik 2011ra, Gasteizko Santiagoko Ospitaleko Ekonomia eta Finantza zuzendaria izan zen, eta 2011 eta 2012 urteetan Osakidetzako Ekonomia eta Finantza zerbitzua zuzendu zuen. 2015ean, Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru diputatua izendatu zuten.
2016an Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren gaineko ardura hartzera pasa zen. 2020ko irailetik aurrera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua da.
Ramiro Gonzalez Vicente
Zuzenbidean lizentziaduna da (EHU), eta 60 urte ditu. 32 urte baino gehiago dira abokatu bezala lan egiten hasi zenetik, Zuzenbide Zibila eta Merkataritza Zuzenbidean espezializatuta. EAJren batzarkide taldearen kide izan da lau legealditan, 2007 urtetik jarraian, eta 2015. urtetik da Arabako diputatu nagusia.
Irma Basterra Ugarriza
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da (EHU – Sarriko), euskalduna, eta 50 urte ditu. Zabaia Landa Garapen Elkarteko kudeatzaile izan zen 2007tik 2016ra bitartean. Urte horretan iritsi zen herri adminsitraziora Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapena eta Europako Politiketarako zuzendari gisa. Bertan mantendu zen 2019ko uztailean Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekako foru diputatu izendatu zuten arte; gaur egun postu horretan jarraitzen du. Aiarako Uri Erakundeko alderdikidea da 1994tik.