Astearte honetan, 20:00ak aldera, begirada guztien jomugan zegoen bilera luze batean ostean, EAJren ABBk jakinarazi zuen Beatriz Artolazabal izango dela jeltzaleen Gasteizko alkategaia.
Gaur goizean, Arrasaten, Goienagusi Kultur Elkartearen ikasturtea irekitzeko ekitaldian, izendatua izan osteko lehen adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean: "Niretzat ohore handia da, eta oso harro nago", adierazi du Artolazabalek. "Erronka desberdina da, baita oso erronka polita ere. Orain afiliatuek erabaki behar dute nortzuk diren hautagaiak, eta une honetan prozesu hori errespetatu egin behar dugu".
Alderdiak Gorka Urtaran baztertu ostean —antza denez, beste kargu bat hitzemanez—, 2015etik alkate izandakoari buruz galdetu diote sailburuari: "Alkate oso ona izan da, eta erronka oso konplikatuak izan ditu. Niretzat eredu bat izango da. Bere lanak hiri hobea, atseginagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa utzi baitio hurrengo korporazioari, duela zazpi urte alkate izendatu zutenean jaso zuena baino".
Azkenik, 2023ko maiatzean lau emakume alkategai lehiatuko direla ospatu du EAJren hautagaiak: "Emakumeak espazio publikoan egon behar dugu, eta momentu honetan hori gertatuko da". Izan ere, jeltzaleak Maider Etxebarria (PSE), Rocio Vitero (EH Bildu) eta Ainhoa Domaica (PP) izango ditu aurrez aurre.
"Bitartean, lan asko geratzen zait Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu gisa", gaineratu du Artolazabalek.