Gasteizko gurasoentzako euskara ikastaroetan matrikulatzeko epea zabalik

Erredakzioa 2022ko ira. 7a, 12:00
Udaleko, Aldundiko eta euskaltegietako ordezkarien prentsaurrekoa. / GASTEIZKO UDALA

Irailaren 5etik 14ra bitartean zabalik izango da Gasteizko Udalak antolatutako euskara ikastaroen matrikulazioa. Lehen aldiz, HABEk homologatuko ditu ikastaroak.

Urtero bezala, irailarekin batera, helduen euskalduntzerako makineria martxan jarri da. Azken egunetan, besteak beste, Gasteizko AEKk, IKAk eta Oiongo euskaltegiak beren matrikulazio kanpainei ekin diete.

Asteazken honetan Gasteizko Udala izan da gurasoentzako euskara ikasteko programan izena emateko epea ireki duena. Ikasle berriek irailaren 5etik 14ra bitartean egin beharko dute matrikula, aurrez aurre, hiriko edozein gizarte etxetan. Ikastaro horien helburua euskara ikastea eta, aldi berean, familia esparrurako hizkuntzaren alde praktikoak indartzea da, haurrek eskolan ikasten dutenarekin lotuta.

Eskolak gizarte etxeetan emango dira, astean hiru egunetan, 2022ko urriaren 3tik 2023ko maiatzaren 30era arte.

"1981ean %3,5 ziren euskaldunak Gasteizen; gaur egun, berriz, %27,28", aldarrikatu du Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak. "Bilakaera horretan garrantzi handikoak izan dira hezkuntza sistema eta euskaltegiak, batez ere haiek sortu baitituzte hiztun berriak". Horrekin batera, zinegotziak azpimarratu du Udala euskalduntze prozesu horretan laguntzailea izan dela izaten jarraitu nahi duela, Euskara Sustatzeko Ekintza Planeko lan-ildo eta ekintzekin: besteak beste, diru laguntzak, matrikulazio kanpainak eta ikastaroak indartuz, Mintzalaguna proiektua babestuz, Euskaraldia sustatuz...

"Concilia tu vida con el euskera"

Gasteizko Udalak gaztelaniazko lelo hori aukeratu du 2022/2023 ikasturterako sustapen kanpainarako, euskara kontziliazioan zein eguneroko bizitzan lagungarri bilakatzen dela adierazteko. "Erraztasunak eskaintzen ditu arlo ezberdinetan: familian, lanean, aisialdian, kulturan... Ikastaroak, gainera, giro onean eta bakoitzaren erritmora egokitzen dira; prezio zein ordutegi egokiak dituzte", azaldu dute kanpainaren aurkezpenean.

Eskaintza eta berrikuntzak

Aurten, Gasteizko Udalak antolatutako euskara ikastaroek lau hartzaile nagusi izango dituzte, hainbat nobedaderekin:

  1. Gurasoentzako ikastaroak. Ikastaroak 166 ordukoak izango dira, bi orduko hiru saio astean, urritik maiatzera. Modu horretan, HABEk homologatutako ikastaroak izango dira; gainera, HABEk definitutako Curriculumaren azpimaila bat egingo da ikastaro bakoitzean. Prezioa 122,40 eurokoa izango da matrikula arruntaren kasuan, eta 97,20 eurokoa matrikula murriztuaren kasuan; ikasle berriek matrikula murriztua ordainduko dute, baita aurreko ikasturtekoek ere, baldin eta asistentzia ona izan bazuten.
  1. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Urtetik urtera sendotzen ari den programa. Aurreko ikasturtean lehen bi taldeak eskaintzen Bizan Sareko zentro batzuetan; aurten beste bi eskainiko dituzte, San Martinen eta Koroatzean. Prezioa 52 eurokoa izango da.
  1. Jatorri atzerritarreko pertsonentzako euskara ikastaroak. Aurten, saiakera berezi bat egingo dute Salburua auzoan, auzoko eragileekin batera, auzoan bizi diren atzerritarrei ikasteko aukera hurbiltzeko asmoz. Salburua ikastetxean emango dira eskolak, eta prezioa 9,70 eurokoa da. Ikastaro horiek egin ondoren, ikasleak talde arruntetako hasiera mailan (A1) sartuko dira.
  1. Merkataritza eta ostalaritzako langileentzako ikastaroak. Bi ikastaro eskaintzen dira: A1, hasiera maila; eta B1.2, eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzat.

Diru laguntzak

Ikastaroak antolatzeaz gain, Udalak hainbat diru laguntza eskaintzen ditu herritarrek euskara ikas dezaten errazteko. Diru-sarrerei buruzko baldintza kendu zen 2020/2021 ikasturtean, eta, horren ondorioz, eskaera kopurua 237 izatetik 539 izatera igaro da. Bi programa daude: arrunta, herritar orori zuzendua; eta berariazkoa, guraso, begirale, entrenatzaile, merkatari, ostalari eta zerbitzuetako langileei lehentasunez zuzenduta.

Gainera, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euroko partida bat bideratuko du, iaz baino 15.000 gehiago, lurraldeko euskaltegietan matrikula egiteko. Hiru baldintza bete behar dira 280 euro arteko diru laguntza horiek eskatzeko: adin nagusikoa izatea, Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean erroldatuta egotea, eta A1, A2, B1 eta B2 mailetako edozeinetan matrikulatzea HABEko euskaltegi batean. Joan den ikasturtean, 8119 izan ziren deialdiaren onuradun.

Azkenik, inguruan euskaltegirik ez duten arabarrek euskara ikasi ahal izan dezaten, euskaltegietako profesionalen ezagutza beren zonaldeetara hurbildu ahal izateko 40.000 euro emango dizkie Aldundiak euskaltegiei, HABEk diruz laguntzen ez duen garraio gastuaren zati bat diruz laguntzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide