Matrikulazio kanpaina martxan da AEKn

Erredakzioa 2022ko ira. 5a, 17:00
Gasteizko Arana euskaltegia. / ALEA

Irailarekin batera, matrikulazio kanpainari ekin dio Gasteizko AEKk. Euskara ikasi nahi duenak hamaika aukera ditu: egunero bi orduz aritzeko aukera, astean hiru eguneko modulazioa, larunbateko taldeak, autoikaskuntza, mintza praktika, online...

2021ean Soziolinguistika Klusterrak egindako euskararen kale-neurketaren arabera, gasteiztarren %4,1ek euskara erabiltzen du elkarreraginetan. "Ez da datu makala: 30 urte pasatxoan, %50 egin baitu gora euskararen erabilerak Gasteizen. Hego Euskal Herrian euskara gehien erabiltzen den bigarren hiriburua da, Donostiaren atzetik eta Bilboren aurretik. Horrek esan nahi du gero eta gasteiztar gehiago direla euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenak", ospatu du AEKk.

Azaldu dutenez, AEK euskaltegietako klaseetan ere "jarrera aktiboa" nabari da: "Ikasleak gogotsu datoz, eta haien hizkuntza aurrerapenak egunerokoan eta eskola orduetatik kanpo ikusi nahi dituzte. Dena den, eta normala denez, zure irakaslea ez den beste norbaitek maila nahikoa duzula egiaztatzeak morala igotzen du, eta, bestalde, lan aukerak asko handitzen ditu".

"Bi aukerak ez dira kontrajarriak", azpimarratu nahi dute Gasteizko AEKko kideek. "Ikasle askok, euskara titulua lortu nahi izateaz gain, euskaraz mintzatzen edo ulertzen duenarekin euskaraz egiteko nahia izan ohi dute. Gainera, eguneroko egoera anitzetan euskara erabiliz eta biziz, are errazagoa izango da titulua lortzea".

Irakaslea "bidelagun"

Nolanahi ere, ikasle askori zaila egiten zaio egunerokotasuneko egoera horiek topatzea Gasteizen: "Taberna batean kafea euskaraz eskatu, okindegian ogia euskaraz erosi, osasun-etxean lehen hitza euskaraz egin, gizarte etxeetan errolda euskaraz aldatu... Lotsa, beldurra, konplexuak, eta aurreiritziak askotan oztopo baitira euskara erabiltzeko helburua lortzeko bidean", deitoratu dute.

Horren guztiaren aurrean, AEKren nahia, "titulua lortzeko jarraibideak emateaz gain, ikasleak ikasitakoa kalean erabiltzeko ausardia eta erabakimena izatea da, ikaslea ahalduntzea eta eduki ditzakeen oztopoei aurre egiten laguntzea". Aurten eskainiko dituzten ikastaroetan matrikulatuz gero, irakaslea "bidelagun" izango dela nabarmendu dute, "titulua lortzen laguntzeko edota euskaraz hitz egitean konplexuei aurre egiteko".

Nola egin matrikula?

"Urte batzuk barru, Gasteizen euskaraz bizi garenok %4,1 baino gehiago izango gara, elkarrekin egingo dugu bidea". 2022-2023 ikasturtean bide hori AEKrekin egin nahi izanez gero, Arabako hiriburuko hiru euskaltegietako batetik pasatzeko edo deitzeko aukera zabalik dago.

Arana Euskaltegiaren iraileko ordutegia honakoa izango da:

  • Astelehena: 08:00-13:00 eta 15:00-20:00
  • Asteartea: 09:30-20:00
  • Asteazkena: 08:00-13:00 eta 15:00-20:00
  • Osteguna: 09:30-20:00
  • Ostirala: 08:00-16:00

Bulegoan inor ez balego, deitu 945 25 24 00 edo 688 74 64 63 telefono zenbakietara edo idatzi arana@aek.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide