Bart goizaldean, ohi baino lehenago amaitu zen festa Gasteizko Txosnetan. 05:30ak aldera, Txosna Batzordea osatzen duten kolektiboetako dozenaka emakume igo ziren Entxosnatu Karpako agertokira, jai guztietan eta gau horretan bertan gertatutako eraso matxisten ondorioz jaien amaiera iragartzeko.
Izan ere, beste behin ere indarkeria matxistak zapuztu ditu pandemiaren osteko lehenengo jaiak. Txupinazoaren egunean salatutako hiru ziztadei, gizon batek bere bikotekidearen alabari egindako sexu erasoari eta jaien azken txanpan gertatutako bi eraso homofoboei beste bi eraso gehitu zaizkie jaien azken egunean.
Alde batetik, Udaltzaingoak 19, 33 eta 35 urteko hiru gizonezko atxilotu ditu, hilaren 8an jaietako ekitaldi batean ezagutu zituzten hiru neska adingaberi adostasunik gabeko ukituak eta sexu jazarpena egiteagatik. Gainera, gertaerak atzo ere errepikatu egin zituzten. Adingabeek salaketa jarri ostean, Udaltzaingoak dispositiboa jarri zuen abian, eta goizaldeko 02:36an topatu zituzten hiru gizonezkoak Andre Maria Zuriaren plazatik gertu. Sexu abusu delitua egotzi diete hirurei.
Bestalde, jaietako azken gauean, emakume batek salatu du txosnetan ziztada bat jasan duela. Hasiera batean, neska txosnagunean bertan artatu zuten, eta gero ospitale batera eraman zuten. Emakumeak salaketa jarri du, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da dagoeneko. Gorka Urtaran alkateak jakitera eman du gutxienez sei ziztada salatu direla jaietan zehar.
Jai guztietan zehar jazotako eraso matxistak salatzeko, Gasteizko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du gaur, abuztuaren 19ean, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean.