Gorka Urtaran Gasteizko alkateak EITBko Boulevard irratsaioan jakinarazi du bart gauean gutxienez hiru emakumek salatu dutela ziztadak jasan dituztela Gasteizko jaietan, txupinazoaren ostean. Alkateak azaldu duenez, oraingoz ez da sexu erasoen salaketarik egin.
Salaketak larrialdi postuetan jarri dituzte, eta Ertzaintza erasoak ikertzen ari da. Horrez gain, Udalak biktimekiko arreta eta ikerketa poliziala barne hartzen dituen protokoloa jarri du martxan.
"Oso irmo erantzungo diegu jaiak izorratu nahi dizkiguten matxito predatzaile horiei", adierazi du Urtaranek Boulevard irratsaioan. "Europatik hedatzen ari den izurrite matxista horrek emakumeei askatasuna mugatu, mehatxu egin eta espazio publikoaz eta jaiez gozatzeko eskubidea murriztu nahi die. Onartezina da".
Bi atxilotu indarkeria matxistagatik
Ziztadak salatu dituzten hiru emakumeez gain, Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu azken orduetan, genero indarkeria delitu baten ustezko egileak izateagatik.
Lehenengo atxilotua 42 urteko gizonezko bat izan zen, 01:10ak aldera, Zaramaga auzoko etxebizitza batean bikotekideari eraso egiteagatik.
Apur bat beranduago, 02:00etan, 39 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek, Koroatze auzoko etxebizitza batean bikotekideari jotzeagatik. Erasotzailea etxetik irten zen, baina handik gutxira Udaltzaingoari deitu zion, gertatutakoaren gainean zuen bertsioa emateko. Harekin hitz egin ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten.