Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bere bikotekidearen alabari sexu erasoa egiteagatik

Erredakzioa 2022ko abu. 5a, 20:00

Ustezko erasotzailea Forondako Ateko ertzain-etxera eraman dute. / ALEA

Gizonezkoak bere bikotekidearen alaba hiriko erdigunean jaso zuen Gasteizko jaietako lehen gauaren ostean, eta etxean sexu erasoa egin zion. Ertzaintzak ostiral goizean atxilotu du ustezko erasotzailea.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, Ertzaintzak adin ertaineko gizonezko bat atxilotu du ostiral honetan Gasteizen, egungo bere bikotekidearen alabari sexu erasoa egitea egotzita. Polizia iturrien arabera, gizonaren etxebizitzan gertatu da erasoa.

Biktima eta lagun bat taxi bat hartzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten. Hortaz, neskaren amak bere bikotekideari eskatu zion beren bila joateko eta jasotzeko.

Gizonezkoak bere etxera eraman zuen, amaren etxera eraman beharrean. Biktima sofan lo egiten gelditu zen, baina, salatu duenez, gaur goizean asaldatuta esnatu da, bere amaren bikotekideak ukituak egiten ari zizkiolako.

Salaketa jarri ostean, Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu du, eta Forondako Ateko ertzain-etxera eraman du, ikerketa abiatzeko. Biktima osasun zentro batera eraman dute, hainbat proba egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago