Agur esan du Oihaneder Euskararen Etxeak

Mikel Buruaga 2022ko eka. 30a, 22:00

Gasteiz Antzokiari lekukoa lagatzeko eta agur esateko ordua iritsi zaio Oihaneder Euskararen Etxeari. 2014an hasitako zortzi urteko ibilbide oparoaren azken ekitaldia gaur izan da, Lukiek eta Liher taldeen kontzertuekin.

2014ko urriaren 15ean inauguratu zenetik 2022ra bitartean, zortzi urteko ibilbidea, 900 jarduera inguru eta 66.500 erabiltzaile —pandemia garaian izan ezik, urtean 10.000 lagun— izan ditu Oihaneder Euskararen Etxeak. Lazarraga Kultur Elkarteak sustatutako proiektua izan da, eta elkarteak bide berri bati ekingo dio laster, urte amaieran edo 2023ko hasieran martxan izango den Gasteiz Antzokiaren bueltan.

Euskal kulturaren erakusleiho eta sormenerako gune izan da zortzi urte hauetan (Erreportajea: Zortzi urtez, Gasteizko aterpe eta arnasgune), kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak eta familia jarduerak antolatuz, eta idazleak, musikariak, aktoreak, margolariak, zinemagileak, dantzariak, marrazkilariak, artista plastikoak eta, batez ere, herritar euskaltzaleak gonbidatuz.

Azken ekitaldia Lukiek eta Liher taldeen kontzertua izan da gaur, Falerina Lorategian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide