Ez dira, ez, Azkena Rock jaialdiko abeslari ospetsuak, baina egunotan elkarrizketa batetik bestera ibili dira Oihaneder Euskararen Etxeko administrazio eta kudeaketa arduradun Iker Durana eta programazio arduradun Iñaki Lazkano. Hedabideetan zalaparta nahikoa eragin du Oihanederrek ateak itxiko dituelako albisteak. Ohi bezala, zurrunbilo txiki hori kudeatzen laguntzeko, alboan dituzte Amaia Kerexeta, Uxue Ruiz de Arkaute eta Alex Jaramillo lankideak. "Jende askok ez zekien jarduna desagertuko dela hilaren 30ean, eta orain kasu egin digute", azaldu dute.
Etapa bati amaiera eman eta berri bat hastekotan da Gasteizko euskalgintza, dena ondo bidean, 2023. urtearen hasierarekin batera aurreikusita dagoelako kulturgune berria zabaltzea.
Hasi zirenetik "zortzi urte zaharragoak" dira orain, baina, trukean, esperientziez betetako motxila daramate beraiekin batera. Gauzak asko aldatu dira 2015eko urtarrilean hasi zirenetik. "Guk bagenuen ideia orokor bat, baina zerotik abiatu behar izan genuen proiektu bat", azaldu du Lazkanok. Ideiak ideia, Montehermoso Kulturuneak zituen baliabide eta espazioetara egokitu behar izan ziren, eta baita zuten aurrekontura ere. "Iker, Ane [Pedruzo] eta ni neu hasi ginen irudikatzen nola izan zitekeen hilabetez hilabeteko programazio bat, baina baita kudeaketa eta komunikazioa ere". Denborak ematen duen perspektibarekin, orain argi daukate hori "ikasketa prozesu bat" izan zela. Gauzak horrela, lehenengo sei hilabeteetan aukerak sortu ahala joan ziren gauzak antolatzen, baina gero udaz baliatu ziren hurrengo ikasturtea taxuz planifikatu ahal izateko.
"Handik aurrera, esango nuke denborarekin hobetzen joan garela", esan du Duranak. "Jarri ditugun helburuak lortzen ote diren ebaluatu dugu urtez urte, baina aztertu dugu ere helburuen artean oreka bat ote dagoen". Bestetik, erabiltzaileak kontuan hartzen hasi direla azaldu du, eta publikoaren kudeaketa plan baten arabera ere jardun dute azken urteotan.
Duranak dio pozik daudela lortutako emaitzekin. "Argi dago gauzak hobeto egin daitezkeela, baina, oro har, uste dugu guzti horrek emaitza positiboa izan duela. Programazioaren eskaintza nahiko orekatua izan dela iruditzen zaigu".
Begirada fintzen ikasi dute, euskal kulturaren itsaso zabalean arrain bat ere ez galtzeko
"Iraganera begira jartzen garenean, garaiko agiriak eta fitxategiak ikustean, gaur egun egiten dugunarekin alde nabarmena" dagoela erantsi du Lazkanok. "Aldez aurretik ezagutza bat bagenuen, baina proiektuak aurrera egin duen heinean, asko ikasi dugu, eta esango nuke gauzak askoz modu profesionalagoan egiten ditugula orain".
Kulturaren eskaintzan aritzen den gune batek zaila du betikoa ez errepikatzea. Halere, eta kanpotik ikusita bederen, badirudi Oihanederren bereziki ahalegindu direla bide berriak urratzen. Kazetariaren pertzepzio bat baino, nahita bilatutako zerbait izan dela berretsi dute Oihanederreko arduradunek. "Diziplina desberdinak uztartuko dituzten eta publikoari esperientzia desberdinak eskainiko dizkioten gauzak egin nahi izan ditugu", azaldu du Lazkanok. "Bestela publikoa aspertuko da. Kasurako, erakusketa batean bakarrik irudiak azaltzea ondo egon daiteke, baina horiei beste gehigarriren bat ipini ahal baldin bazaie, hobeto. Bada, gu beti saiatu izan gara hori egiten".
Lazkanoren esanetan, bide berri horiek urratzean ere beste helburu garrantzitsu bati bultzada eman nahi izan diote: euskarazko sorkuntza suspertzeko ahaleginari. "Adibidez, argazki lehiaketa batean euskararen erabilera sustatzeko, irudiekin batera testua sartzea, Gasteiztarrak Arraun the World lehiaketan egin dugun bezala". Erakusketa horrek "azal pila bat" zituela nabarmendu du. "Aurkezpen publikoak egin genituen ere, auzoetan eta Gasteizko beste elkarte askorekin batera".
Auzolana
Hain justu, hiriko beste elkarteekin egindako elkarlana da nabarmendu nahi izan duten beste arloetako bat. Elkarlan hori, gainera, oso baliagarria izan zaie ekimen originalak oholtza gainean jartzeko. "Ez pentsa guk guztia asmatu dugunik; eragile asko oso proposamen interesgarriekin etorri zaizkigu". Begirada fintzen ere ikasi dute urte hauetan, euskal kulturaren itsaso zabalean arrain bat ere ez galtzeko. "Orain euskaraz denetarik egiten da, eta hori zorte handia da. Ikuspegia irekia mantenduz gero, gauza pila aurkituko dituzu", azpimarratu du Lazkanok. "Esaterako, musikaren alorrean soilik arreta jartzen baduzu rockean edo kantugintzan, alde batera utziko dituzu trapa edota reggaetoia. Denak dira interesgarriak eta guztiak dira euskal kulturaren parte, noski".
Eskaintza zabal horretan nabigatzerakoan, oreka mantentzea izan dute iparrorratz. Hortaz, egotekotan, mugak ez dira buruan egon, eraikinaren ezaugarrietan baizik. Laster itsasontzi berri batean itsasketa hastekotan badira ere, Montehermoson beren kutsua utzi dutela diote. "Hasierako urteetan ardura pixka batez ikusten gintuzten, ea hauek dena hankaz gora jartzen hasiko ote diren". Klaustroa edo atrioa erabiltzen hasi ziren, eta, denborarekin, udal langileak ere ohitu dira, beraiek ere halakoak erabiltzen hasi direlarik. "Freskotasun pixka bat eraman genuela esango nuke", dio Lazkanok. Bueltan, udal langileen aldetik laguntza pila bat jaso dutela diote, eta baliatu nahi izan dute orain fokuan daudelako abagunea laguntza hori eskertzeko, ahaztu gabe urte hauetan guztietan bidelagun izan dituzten erabiltzaileak, kulturgileak, erakunde kolaboratzaileak edota udaleko kultura eta euskara zerbitzuko lankideak ere.
Datu esanguratsu batzuk
EKIMEN ANDANA
Oihanederren ibilbidean 900 ekimen baino gehiago egin dituzte. Logikoa denez, ikus-entzunezkoek eta kontzertuek zati handi bat suposatu dute, baina aniztasun zabala izan dute programazioan. Gainera, horietako asko diziplina arteko ekimenak izan dira, eta zaila izan da sailkatzea. Horiez gain, inaugurazioak, mahai-inguruak, tailerrak edo laborategiak ere landu dituzte martxan egon diren zortzi urte hauetan.
GAZTE GINEN GAZTE
66.500 erabiltzaile inguru pasa dira euskararen aterpetxetik. Eskutik helduta bata bestearen alboan jarriko balira, Amurrio eta Lapuebla de Labarca lotuko lituzkete lasai asko. Gehienak pureta kategoria soziologikoaren baitan sailkatu daitezke, jakina baita hori dela urrezko aroa, bizitzari zukua ateratzeko unerik aproposena. Baina zertxobait gazteago direnek ere izan dute pisu handia jardueretan.
HELBURUEN ARABERAKO LANA
Oro har, Oihanederrek bost helburu izan ditu zerumugan, eta horien arabera saiatu dira ahalik eta oreka handiena mantentzen, ekimen askok helburu bat baino gehiago bete dituen arren. Hauek izan dira helburu horiek: euskararen erabilera sustatzea, euskarazko sorkuntza suspertzea, euskararen normalizazioan aritzen diren eragileen sarea trinkotzea, kultur erreferente bihurtzea eta, azkenik, euskara eta hizkuntza-aniztasuna aztertzea.
Datuak: Oihaneder, 2021eko memoria.