Kontzertuak, bazkaria eta bertsoak Aranbizkarrako jaietan

Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 19:30
Ill Pekeño eta Ergo Pro rap abeslari madrildarrak. / ALEA

Aranbizkarrako jaietan, besteak beste, Ill Pekeño eta Ergo Pro, Trikoma, Suia & Dubakustik eta Raimundo el Canastero arituko dira, eta larunbateko diru sarrerak Etxebizitza Sindikatuaren isunak ordaintzeko izango dira. Itaiak emakumeentzako etxeratze kolektiboak antolatu ditu.

Abetxuku, Arana, Txagorritxu, Adurtza, Judimendi, Arriaga... eta aste honetan, hileko lehen asteburuan, Alde Zaharreko Zaharraz Harroko ospakizunek eta Aranbizkarrako jaiek kointzidituko dute. Alde Zaharrean aste osoko jarduerak antolatu dituzten arren, Aranbizkarra auzoko jaiak asteburura mugatuko dira, uztailaren 1ean eta 2an, eta batez ere eskaintza musikala izango dute.

Ospakizunak ostiralean hasiko dira, hilaren 1ean: 19:00etan irekiko dute txosnagunea, pintxo-pote eta terrazeoarekin; KKK, Inguma eta Berandu Baino Lehen taldeen kontzertuak, berriz, 22:00etan hasiko dira; gaua amaitzeko, Malakias & Maixa arduratuko dira karpan musika jartzeaz.

Larunbateko egitaraua egun osokoa izango da: 12:00etan hasiko da, txistulariek lagundutako pintxo-potearekin; 15:00etan herri bazkaria egingo dute, eta 16:00etatik aurrera Oihane Perea eta Aitor Bizkarra bertsolariek girotuko dute bazkalondoa (tiketak 10 eurotan salgai, Aketegi eta Lorategi tabernetan); eta 18:00etan mus txapelketaren finala jokatuko da Lorategi tabernan.

Iluntzean, berriz, etxegabetze bati aurre egiteagatik Etxebizitza Sindikatuari ezarritako isunei (guztira, 70.000 euro) aurre egiteko kontzertu solidarioak izango dira, 20:00etatik aurrera: Ill Pekeño eta Ergo Pro, Trikoma, Suia & Dubakustik eta Raimundo el Canastero izango dira oholtza gainean. Ondoren, Bubblin' Sound System-eko Komandü eta Lokatz Hi-Fi arduratuko dira gaueko festa luzatzeaz.

Etxeratze kolektiboak

Bestade, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak etxeratze kolektiboak antolatu ditu Aranbizkarrako jaietan. "Udan gaude jadanik, eta honekin batera ospatzen dira auzoetako jaiak. Testuinguru horrek emakume langileon kontrako indarkeria areagotu egiten du: hipersexualizazioa, drogen kontsumo edo harreman ereduen ondorioz".

Horren aurrean, "babeserako tresnak garatzea premiazkoa" dela deritzo Itaiak, eta "erasoak saihesteko eta emakume langileok etxera seguru itzultzeko tresna" gisa martxan jarri dute sistema hori: "Helburuak indarkeria matxista desagertzeko aurrerapausoak eman eta emakume langileok independentziaz antolatzeko gaitasuna handitzea dira. Bakarrik itzuliko zara etxera eta laguntza nahi duzu? Lagunekin itzuliko zara eta norbait laguntzeko prest zaudete?".

Ordu zehatzetan txosnaguneko sarreratik etxera taldean itzultzeko aukera eskainiko dute (pankarta batekin seinalizatuko dute elkartze-puntua):

  • Ostiralean: 01:00etan eta 03:00etan.
  • Larunbatean: 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan.

EGITARAU OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide