Itaia

"Emakume langileon zapalkuntza gainditzeko, kapitalismoaren amaiera beharrezkoa da"

Mikel Buruaga 2022ko mai. 23a, 19:50
Ane Mendiguren eta Angela Ormaetxea, Gasteizko Itaiako kideak. / ALEA

Gasteizko Itaiak indarkeria matxistaren aurkako jardunaldia antolatu du maiatzaren 28rako. Ane Mendiguren eta Angela Ormaetxea kideek beren antolakundearen ikuspuntuaz eta larunbateko jardunaldiaren gakoei buruz mintzatu dira.

Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu lelopean, Itaiak egun osoko jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 28rako, Aldabe gizarte etxean eta Gasteizko Gaztetxean. Indarkeria matxistako kasu bat salatzeko eta horren aurka antolatzeko gakoak izango dituzte hizpide goizeko hitzaldietan, eta, ondoren, bazkaria eta kontzertuak izango dira Muinoko Etxean.

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ohartarazi duenez, 2022an "gutxienez" 31 eraso matxista gertatu dira Gasteizen. Horregatik, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak garatzea "premiazkoa" dela uste dute Ane Mendiguren (Gasteiz, 2001) eta Angela Ormaetxea (Gasteiz, 1998) Itaiako kideek, Euskal Herri mailan martxan jartzen ari diren dinamikaren barruan.

"Ez dago indarkeria matxistari aterabiderik emango dion proposamenik"

Ezagutzen ez dutenentzat... Zer da Itaia eta zertan zabiltzate azken aldian?

Ane Mendiguren: Itaia emakumeon antolakunde sozialista da, emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko helburu duena. Zentzu horretan egiten dugu lan, beraz: emakumeon zapalkuntzak hartzen dituen forma ezberdinei aurre egiteko borroka eta tresnak garatzea dugu jardun, emakume langileok sozialismoaren aldeko borrokara batuz.

Angela Ormaetxea: Zapalkuntza horri erantzuten diote, esaterako, Emakume Langileon Eskolek, egun guztiz normalizatu den hipersexualizazioaren lanketak edota indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoek.

Zergatik antolatu dituzue indarkeria matxistari buruzko jardunaldi hauek?

A. M: Indarkeria matxista gure egunerokoan forma askotan pairatzen dugu emakumeok. Egun, gainera, indarkeria forma berriek lekua hartu dute: aipatzekoa da gero eta gazteagoak direla erasotzaileak, sare sozialen bidezko erasoak... Egoera horren aurrean, ez dago indarkeria matxistari aterabiderik emango dion proposamenik. Horregatik beharrezkoa deritzogu emakume langileok antolakuntza bitarteko propioak sortzea. Maiatzaren 28an antolaturiko jardunaldiak norabide horretan ulertzen ditugu, indarkeria matxistari aurre egiteko dugun proposamena aurkezteko espazio gisa.

 

Zuen ustez, zeintzuk dira gaur egun indarkeria matxistaren aurrean dauden hutsuneak (instituzioetan, mugimendu feministan, herri mugimenduetan...)?

"Zapalkuntzaren kausa borrokatzeko proposamen eraginkorren faltan, horren espresio konkretuei erantzutera mugatzen dira"

A.O: Aldaketa instituzionalera mugatzen diren proposamenak askotarikoak dira gaur egun. Gure ustez, instituzioek haien aurpegi zuriketarako erabiltzen dute indarkeria matxistaren kontrako jarduna, aldi berean indarkeria forma hori betikotzen duen sistema indartzen jarraitzen baitute. Berdintasunaren izenean asko hitz egiten badute ere, ez dute hori lortzeko gaitasun zein borondate errealik.

A. M: Instituzioetatik kanpo garatzen diren proposamenei dagokienez, zapalkuntzarik onartuko ez duen gizarte eredua eraikitzeko inpotentzian erortzen direla iruditzen zaigu. Izan ere, zapalkuntzaren kausa borrokatzeko proposamen eraginkorren faltan, horren espresio konkretuei erantzutera mugatzen dira. Emakumeon zapalkuntza egiturazkoa dela diogunean, egitura hori gainditzea premiazkoa bilakatzen da zapalkuntzarekin amaitzeko. Horrek norabide hori elikatuko duen estrategia politikoa exijitzen du, hau da, zapalkuntza ororekin amaituko duen proposamena: sozialismoa. Indarkeria matxistaren aurkako borroka ere, beraz, bere kausa gainditzeko borrokaren bidean kokatu behar dugu.

Eta zeintzuk dira zuen proposamenak?

"Emakumeok aktibo militante integral eta konprometituak izateko baldintzak ekoitzi behar ditugu"

A.O: Emakume langileok gure interesen defentsarako hautua egin behar dugu, eta hori egikarituko duen antolakuntza politikoa indartu behar dugu. Bide horretan, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak osatzea lehentasunezkoa da, gaurdanik erasotzaileen aurkako eta erasoak jasaten dituzten emakumeen babeserako tresnak garatuz. Horrek baldintza politikoak hobetzeko balio behar digu, hau da, emakumeok aktibo militante integral eta konprometituak izateko baldintzak ekoitzi behar ditugu.

Bi hitzaldi egingo dira larunbatean. Zeintzuk dira bertan jorratuko diren gakoak?

A.M: Alde batetik, lehenengo hitzaldiak indarkeria matxistaren salaketa prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu, arlo horren inguruko oinarrizko formakuntza eskainiz eta prozesu judizialak dituen mugak seinalatuz. Bigarren hitzaldian, indarkeria matxistaren inguruko analisia eta horren aurrean garatu beharreko proposamen politikoa eta antolatzeko formak izango ditugu hizpide.

Noizbait kritikak jaso dituzue mugimendu feministatik edo beste eragile batzuetatik, indarkeria matxistaren aurkako borroka sozialismoaren aldeko borrokaren menpe jartzeagatik. Zer iritzi duzue horren inguruan?

"Sozialismoaren eraikuntzaren bidean kokatzen ditugu borroka ezberdinak, baita indarkeria matxistaren aurkakoa ere"

A. M: Gure ustez, ez da beste modurik zapalkuntzarekin eta bere adierazpenekin amaitzeko. Hau da, emakume langileon zapalkuntza gainditzeko, kapitalismoaren amaiera beharrezkoa da. Horrela izan ezean, emakume batzuek egoera hobeak izatea gertatu daiteke, baina beste askok egoera penagarriak bizitzen jarraituko dute: indarkeria salatzeko aukera eza dutenak, euren erasotzaileekin bizitzea beste aukerarik ez dutenak... eta guk emakume guztion eta, bide batez, gizateria osoaren askatasuna lortu nahi dugu. Beraz, bai, sozialismoaren eraikuntzaren bidean kokatzen ditugu borroka ezberdinak, baita indarkeria matxistaren aurkakoa ere.

A. O: Emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza forma gordinenetakoa da indarkeria matxistarena, eta urgentzia handia du egoera honi aurre egiteko mekanismoak sortzeak. Modu horretan, pixkanaka eta ditugun gaitasunekin, zapalkuntzarekin amaitzeko norabidean baldintza politikoak hobetzea dugu xede.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide