Dazaharrazharrogun! lelopean eta betiko distira berreskuratuz itzuliko dira aurten Zaharraz Harro Gasteizko Alde Zaharreko jai autogestionatuak, aurreko bi edizioak Covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileekin antolatu ostean.
Auzokideek zein auzoko kolektibo, saltoki eta tabernek bere onena eman dute saretutako programazio oparoa eskaini ahal izateko. Aurtengo egitaraua zazpi bloketan banatu dituzte, eta horien barruan 100 jarduera inguru izango dira astean zehar: kirola, dantza, umeak, antzerkia, musika, Hitz egin eta eragin eta zinea.
Hitzordu guztien artean, besteak beste, honako hauek izango dira: astelehenean, txupina eta kalejira; asteartean, LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguneko manifestazioa; asteazkenean, Les Bobe-bobe konpainiaren (H)ondoko gela antzerki berria; ostegunean, Auzolana Pilotalekuaren XIV. urteurreneko txapelketaren finalak eta pikoteoa; ostiralean, haurren ginkana eta Hala Bedi irratiaren zuzeneko emisioa; larunbatean, aldarrikapen jolasa, liburu azoka herrikoia, bazkari autogestionatua Pinto kalean, eta guatekea Gaztetxean; eta igandean, hainbat kontzertu eta pintxadaren ostean, destxupina egingo dute, jaiei amaiera emateko.
Eskaintza musikalari dagokionez, askotariko pintxadez gain, Pelax, Ben Pantera, Chernova y Brasil, Dr. Sax, Jon Basaguren, Bidelapurrak, Big Band Berri, Dead Sequoia, No Name Tiriti, Buridan, Colapso Rock, Red Iron Squad, The Freetangas, Negra Cucaracha, Ratpenades eta Los Nitxos taldeen kontzertuak nabarmentzen dira, besteak beste.
KARTELA

EGITARAUA
