Mozal Legea eta 70.000 euro, etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik

Erredakzioa 2022ko mai. 25a, 09:30
Etxebizitza Sindikatuak isunak salatzeko egindako ekimena. / Argazkia: @EtxeSindikatua

Etxebizitza Sindikatuak diru bilketa kanpaina berria abiatu du, 2021eko urtarrilean etxegabetze bati aurre egiteagatik isunetan jasotako 70.000 euroak ordaintzen laguntzeko. Izan ere, isunetan beste 40.000 euro ezarri dizkie orain Gasteizko Udalak, Mozal Legea baliatuta.

2021eko urtarrilaren 26an, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Gasteizko Herrandarren kaleko 15. zenbakian okupatutako etxebizitza bloke batean bizi ziren hamabost bizilagun etxegabetu zituzten. Garai hartan, Espainiako Gobernuak kaleratzeen gainean ezarritako behin behineko moratoria zegoen indarrean. Etxebizitza Sindikatuak etxegabetzea gelditzen saiatzeko protesta deitu zuen, eta dozenaka gazte bertaratu ziren.

Poliziaren dispositiboak hiru atxilotu utzi zituen, eta, horrez gain, bizilagunetako bi Atzerritartasun zerbitzura bidali zituzten, kanporatzeko aginduarekin. Beste lau pertsona epaiketara joan beharko dute laster, Poliziak agintaritzaren aurkako atentatua eta desobedientzia larria egotzi zielako.

Bestalde, barruan zeuden sindikatuko hainbat kideri isunak iritsi zaizkie azken hilabeteetan, bai Eusko Jaurlaritzatik —30.000 euro—, bai Gasteizko Udaletik —beste 40.000 euro, Mozal Legea aplikatuz eta Covid-19ari aurre egiteko neurrien argudiopean, konfinamendu perimetrala hautsi eta segurtasun distantzia ez bermatzea egotzita—: orotara, isunetan 70.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela aurreikusi dute.

Elkartasun kanpaina

Horren aurrean, Etxebizitza Sindikatuak elkartasun kanpaina berri bat jarri du martxan, iazko maiatzean Go Fund Me crowdfunding plataforman egindakoaren osagarri gisa, eta "jazarpen honen dimentsio izugarria" salatuz. Oraingoan, kontu korronte zenbaki bat aktibatu dute, ekarpenak zuzenean bertan egiteko, "bakoitzaren ahalmenaren arabera": ES14-3035 0080 91 0800087090.

"Agerian geratu da Covid-19aren pandemiaren testuingurua askatasunak murrizteko eta boteredunek gustuko ez dituzten ekintzak arbitrarioki zigortzeko aitzakia izan dela", salatu du sindikatuak. "Protesta horretan parte hartu genuenon aurkako neurria izateaz gain, aurrerantzean antzeko salaketak egin asmo dituen ororentzako mezua ere badela".

"Norbanako ugari zorpetu ez ezik, bistakoa baita mugimendu oso bat ekonomikoki itotzeko saiakera dela", gaineratu dute. "Pobretze eta krisi garaiotan ezinbestekoa den klase elkartasuna hedatzeko unea da, egungo zein etorkizuneko borroka prozesuak sostengatzekoa".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide