Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna

"Zistemaren" aurkako matxinadak eztanda egin du Gasteizen, LGTBI+ Harrotasunaren Egunean

Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 20:30

Milaka lagun bildu dira Gasteizen, Zistemaren aurrean matxinatu gaitezen. Zuen indarkerien aurrean gure harrotasuna lelopean E28 Koordinadorak deitutako manifestazioan.

Gaur 53 urte bete dira Stonewalleko istiluak gertatu zirenetik, 1969. urtean. Hilabete honetan ere, ekainaren 10ean, 43 urte bete dira 1979an Espainiako Polizia batek Francis trabestia tiroz hil zuenetik, Oreretan; bere hilketak LGTBI+ mugimendua bultzatu zuen Euskal Herrian. Urtero bezala, ekainaren 28an eta egun horren bueltan mobilizazioak eta bestelako ekintzak antolatu ditu Arabako LGTBI+ mugimenduak.

Aurten, zisheterosexismoaren eta indarkeria LGTBI+fobikoen aurkako borrokak ezaugarritu du Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusia. Asteazken honetan, milaka lagun bildu dira Gasteizen, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik E28 koordinadorak Zistemaren aurrean matxinatu gaitezen. Zuen indarkerien aurrean gure harrotasuna lelopean deitutako manifestazioan. Manifestazioaren ostean, 20:30etik aurrera, jaialdia eta terrazeoa egingo dute Gaztetxean, Traumreise kolektiboaren pintxada elektronikoarekin. Manifestazioaren aurretik, gainera, Arabako herrietako kedada egin dute, Herrietan ere harro! lelopean, 18:45ean Urrezko Zeledonen plazan (Correos).

"Harrotasuna borroka da"

E28 Koordinadorako bozeramaileek hitza hartu dute manifestazioaren amaierako ekitaldian: "Harrotasuna borroka da. Zapaltzen gaituen zistemaren aurrean antolakuntza, borroka eta matxinada. Stonewallen egin bezala, zisheteronormak sortzen dituen bortizkeriaren aurrean erantzun kolektiboa".

Ekitaldian nabarmendu dutenez, LGTBI+ mugimendua "gero eta ikusgarriagoa" da Arabako herri eta eskualdeetan. Izan ere, hiru talde sortu berri dira lurraldean, Aiaraldean, Mendialdean eta Gorbeialdean. "Herrietan ere transmaribolloak izan ginen, gara eta izango gara. Nazkatuta gaude gure herriak uztera behartzen gaituen zistemaz eta gure gorputzak eta gure desirak era libre batetan ezin bizitzeaz. Gure herriak eraldatzeko eta bizigarriak izateko burubelarri gabiltza", aldarrikatu dute.

Horrez gain, "ertzak" eta "trans disidentzia" defendatu dituzte, "baztertzaileak diren mezuen" eta "transfobiaren gorakada izugarriaren" aurrean. "Ez dugu baimenik eskatuko, ez gara ezkutatuko. Geure gorputz eta identitateek ez dute inoren tuletarik behar, zistemaren aurrean arrakala dira", adierazi dute.

Bilboko hilketak eta horien "kudeaketa polizial, mediatiko eta instituzionalak" salatu dituzte, baita tximino baztangaren inguruko diskurtsoak ere, "beste behin praktika eta identitate ez zisheteroak kriminalizatu eta susmopean jarri" baitituzte. "Baina jai dute, ez gara otzanduko ez normalizatuko!", argi utzi dute.

"Sistema kolonial eta arrazistaren" aurkako hitzak ere izan dituzte, besteak beste Melillako sarraskia aipatuz, baita Israelen pinkwashing-aren, NATOren, Putinen, inperialismoaren eta Turkiaren aurkakoak ere. "Beren sexu-genero disidentzia medio edota ipar-globaleko estatu eta elite kapitalisten nekropolitikek eragindako desplazatu eta errefuxiatuen harrera eta erregulazioa beharrezkoa da, baita lekualdatze prozesu hauen sorburu den kolonialismo basatia iraultzea ere", azpimarratu dute.

"Zuri burgesentzat sortutako Pride-n aurrean, pobretzen, esplotatzen eta ortzadarraz kamuflatu nahi den kapitalismoari sua. Zuen biolentziaren aurrean gure harrotasuna. Zistemaren aurrean matxina gaitezen", esan dute ekitaldiaren amaieran.

Beste ekitaldiak

Mobilizazioez gain, bestelako jarduerak ere antolatu dira Gasteizen LGTBI+ Harrotasunaren Egunerako. Adibidez, Aste Transbollomarika antolatu dute Orbain Kultur Elkarteak eta Lumagorri Zisheterosexismoaren aurkako Taldeak, aste osoko egitarauarekin: kamiseten erakusketa, dokumental baten proiekzioa, Queercore mugimenduaren inguruko hitzaldia eta Traumreise kolektiboaren arte elektronikoaren erakusketa izango dira, besteak beste.

Bestalde, Gasteizko Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaien barruan, Rote Zora. Frauen bildet Banden dokumentalaren proiekzioa eta merendola antolatu ditu Hala Bediko Edo ez da izango irratsaioak, 17:00etatik 19:00etara, manifestazioarekin bat egin aurretik.

Gainera, EHGAM Gorbeialdea+ taldeak jaialdia antolatu du Zuian uztailaren 2rako. Larunbatean, 18:00etan, kolektiboaren aurkezpena egingo dute Zuiako Gaztetxean, "Gorbeialdea zein inguruko sexu disidenteen artikulaziorako talde dinamika" batekin. Ondoren, Murgiako kaleak hartuko dituzte, poteo musikatu batekin. Azkenik, 22:00etatik aurrera, Sexu Askapen Festa egingo dute Gaztetxean: besteak beste, pintxada kolektiboa eta jolasak egongo dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide