Punk eta LGTBI+ mugimenduak, eskutik helduta

Erredakzioa 2022ko eka. 21a, 10:30
Lumagorriko Sejo Carrascosa eta Orbain Kultur Elkarteko Iker Zubia. / Argazkia: KALEZ KALE

Ekainaren 28aren bueltan, Lumagorrik eta Orbainek Aste Transbollomarika antolatu dute: kamiseten erakusketa, dokumental baten proiekzioa, Queercore mugimenduaren inguruko hitzaldia eta Traumreise kolektiboaren arte elektronikoaren erakusketa izango dira, besteak beste.

Astebete barru izango da ekainaren 28a, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Beste askotan egin duten bezala, Orbain Kultur Elkarteak eta Lumagorri Zisheterosexismoaren aurkako Taldeak indarrak batu dituzte, ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean Aste Transbollomarika antolatzeko Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokalean.

"Disidentzia sexual-generikoa eta zisheteronormatibitatearen aurkako borrokak hainbat frontetan agertzen dira, ezin da bestela izan. Adierazpen kulturalak, artistikoak eta musikalak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko moduak dira, baina pertsona transmaribolloak leku guztietan gaudela, askotarikoak garela eta espazio guztiak betetzen ditugula erakusteko diskurtsoak sortzeko moduak ere badira", azaldu du Sejo Carrascosa LGTBI+ aktibista historikoak.

Horregatik, Queer Punk edo Queercore fenomenora hurbiltzeko hainbat jarduera antolatu dituzte datorren astean, ekainaren 28aren inguruan:

  • Ekainaren 27tik uztailaren 3ra: Kamiseta harroak erakusketa.
  • Ekainak 29, asteazkena, 19:00etan: Queercore: How to punk a revolution dokumentalaren proiekzioa eta Sejo Carrascosak moderatutako solasaldia.
  • Ekainak 30, osteguna, 19:00etan: Queercore: Punk zisheterotik haratago, hitzaldia Asier Ventimigliarekin.
  • Uztailak 1, ostirala, 20:00etan: arte elektronikoaren erakusketa, Traumraise kolektiboaren eskutik.

"Hain jokaera matxista eta sexista duen musika eta bizitza estilo baten barruan, disidentzia sexual-generikoak espazio bat bilatzea eta beste gorputz, desio, adierazpen eta genero-identitate batzuk gure bizitzako esparru guztietan ikusarazteko modu bat iruditzen zaigu", gaineratu du Carrascosak. "Zergatik? Punka transgresioa bada, transgresio handiena inposatutako genero guztien aurka matxinatzea delako, bere arau guztien aurka".

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide