Uztailaren 2an egingo dute aurkezpena, baina horren aurretik hainbat ekitaldi antolatu ditu sortu berri den EHGAM Gorbeialdea+ taldeak; Izarran izango dira lehendabiziko saioak igandean, ekainaren 5ean. LGTB kolektiboa landa gunean ere "existitzen dela" aldarrikatu nahi dute, eta alde egiteko "inolako asmorik" ez dutela. Urte askoan herritar ugarik egindako hausnarketen ondorio jaio da taldea Oier Azkarraga (Zuia, 1990) kideak azaldu moduan.
Lehen ohikoa izaten zen LGTB kolektibokoen artean herrietatik hirietara joatea identitate sexuala anonimotasunean gordetzeko. Aldatu al da joera hori?
Historikoki hala izan da, eta askok alde egin dute hiri handietara, Bartzelona edo Madrilera kasu, batzuetan ikasteko edo lan egiteko aitzakiarekin... Hor erbeste handi bat egon da, eta nabaritu da. Momentu honetan ikusten ari garen joera, ordea, eta beharbada ez da joera nagusia, gure herrietara jende gazte pilo bat etortzen ari dela, horietako asko kolektibokoak direnak, eta hori oso pozgarria da.
Zailagoa da egunerokoa herrian ala abantailak ditu?
Imajinario kolektiboan zailtasunaren ideiak badu oraindik bere pisua. Baina, era berean, uste dut herrietan beste gauza bat ere gertatzen dela; denok ezagutzen dugu elkar, eta elkarren arteko babes gehiago ere badago. Hori ere positiboa da halako kolektiboak babestuta daudela edo erabat baztertuta ez daudela sentitzeko.Interesgarria iruditzen zait herrien idiosinkrasia; herrietan bakoitza nor den eta zertan dabilen badakigu, eta gertutasun hori erraztasun bat ere badela uste dut. Beharbada askatasun gutxixeago dago, baina errazagoa da taldekoen arteko elkar ezagutza hori.
EHGAM Gorbeialdea+ taldearekin pauso bat ematea erabaki duzue?
Behar bat bazegoela aspaldi ikusten genuen, beti egon da. Lanketatxoak beti egon dira, baina ez zegoen antolatutako talderik eta uste genuen inportantea zela. Orain gutxi KOSA hausnarketa prozesua izan da Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimendua berrasmatzeko helburuarekin, eta horren baitan ikusten genuen aukera egokia zela guk geuk ere aurrerapauso bat emateko, Gorbeialdean halako kolektibo bat sortzeko.
Nolako taldea osatu duzue Gorbeialdean?
Talde dexente anitza da. Zuia, Urkabustaiz eta UrduÒako herritarrak daude; hain zuzen, horregatik jarri diogu "+" ikurra, ez delako soilik gure eskualde hertsiko jendea. Eta herritarrei dagokienez ere askotarikoak dira. Joera bat izan da historikoki EHGAM gayen kolektibo bat zela pentsatzea, eta KOSA zikloarekin saiakera bat egon da LGTB kolektiboaren beste siglak ere barneratzeko; Gorbeialdean behintzat lortu dugu, eta interesgarria da. Kolektiboan jende asko dago, gure artean oso ezberdinak, bizipenez, adinez eta beharrez ere bai.
"Gure herriak dira, hemen bizi gara, eta ez daukagu inolako asmorik alde egiteko"
Edadeko lagunak ere badaude?
Edadeko lagun asko ez dago. Behar bereziak dituzten herritarrak dira, eta horri ere ekin beharko diogu.
Zer eskainiko du EHGAM Gorbeialdea+ taldeak?
Ikusten dugu hemen behar bat dagoela existitzen garela azpimarratzeko. Hemen gaude. Gure herriak dira, hemen bizi gara, hemen jaio dira batzuk eta beranduago etorri dira beste batzuk... Gure herriak dira, eta ez daukagu inolako asmorik alde egiteko. Niretzat hori bada gako garrantzitsu bat: ikusaraztea. Azken urteetan Gorbeialdean era askotako lanketak egin izan dira, eta hori oso poztekoa da, baina halako kolektibo bat behar genuen. Urte askoren ostean, eta jende askoren hausnarketaren ostean, talde hori sortu dugu, eta bagatoz kolorea ematera eta ortzadarraren kolore guztiak aldarrikatzera.
Gorbeialdetik kanpo ere ari dira lanean...
Uste dugu inportantea dela azpimarratzea hemen ere existitzen garela, landa inguruetan ere bagaudela, eta joera orokortua da Araban. Gorbeialdeaz ari gara gu, baina Mendialdean ere Asterixkes deituriko kolektiboa sortu dute, eta Aiaraldean ere badago kolektibo berri bat LGTB gaiak lantzen dituena. Ikusten ari gara Gasteiztik kanpo ere gero eta gehiago sortzen ari direla, eta oso pozgarria da.
Ikusgunek 27 gertakari LGTBI+fobiko zenbatu ditu 2021eko txostenean, eta Gorbeialdeko intzidentzien hazkundeaz ohartarazi du.
Bai, argia da. Ikusgunek ondo adierazten duen bezala, azken urteetan ikusi izan dugu gure kolektiboaren aurkako jazarpena izan dela: margoketak egon dira, erasoak ere bai... Duela aste gutxi gure eskualdean bikote bati harri batekin eraso zioten "marikoi zikina" oihuen ondotik. Ikusten dugu erasoak egon badirela, baina nik duda dut eraso gehiago dagoen edo erasoak salatzeko gaitasun gehiago daukagun gaur egun. Hori ere azpimarratu behar da. Egia da badagoela diskurtso oso bat zenbait hedabide, alderdi eta eragileren artean gure aurkako gorrotoa sustatzen ari dena, behin eta berriz bultzatzen ari dena, eta horrek baldintza egokiak sortzen ditu gure aurkako erasoak dohainik ateratzeko. Baina gure partetik ere badago salatzeko joera handiagoa, eta hori poztekoa da. Nire kasuan, esaterako, duela hamar urte edozein herritako jaietan "marikoi zikina" esan izan balidate, ez nukeen ezer egingo, burua jaitsi eta tira... Oraintxe aurre egingo nioke horri, eta salaketa egingo nuke nire aurkako eta kolektiboaren aurkako eraso moduan; duela hamar urte ziurrenik ez zen horrela izango.
"Duela hamar urte 'marikoi zikina' esan izan balidate, ez nukeen ezer egingo, burua jaitsi eta..."
Nondik hasiko da lanean taldea?
Momentuz taldea sortzen eta osatzen ari gara. Hilabete honetan zehar hainbat ekintza izango ditugu, baina gero beharren arabera egingo dugu lan. Gure taldekideen artean bi behar nagusi nabarmendu ditugu une honetan; batetik, lehen aipatu bisibilitatea aldarrikatu nahi dugu gure herrietan; eta, bestetik, guk dugun errealitatearengatik familia eredu desberdinak aldarrikatu nahi ditugu, familia heterozentratuetatik harago beste familia batzuk ere badaudelako.
Asteburuan izango duzue lehengo ekitaldia, Izarran.
Aurkezpen ekitaldiak ekainaren 5ean hasiko dira Yogurinha Borovaren ikuskizunarekin batera, 17:00etan, Izarran. Beste jarduera batzuk ere izango dira, baina uztailaren 2ko aurkezpena eta sexu askapen jaia nabarmendu nahi ditugu, Zuiako gaztetxean. Gainera, ekainaren 28an Gasteizen egingo den manifestazioan herrietan sortzen ari garen kolektibook bloke bat egingo dugu, eta landa eremukoak gurekin parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.