EH Bilduk "hobeto bizitzeko Gasteiz bat" bilatuko du Vitero eta Fernandez de Betoñorekin

Erredakzioa 2022ko mai. 31a, 13:58

Unai Fernandez de Betoño eta Rocio Vitero. / Argazkia: EH BILDU

Gasteizko alkatetza lortzeko tandema ofizialki aurkeztu du EH Bilduk, oinarriek berretsita: Rocio Vitero eta Unai Fernandez de Betoño, "gizarte babesa, enplegua, ekonomia, trantsizio ekologikoa, etxebizitza eta mugikortasuna" ardatz izango dituen proiektuarekin.

Hauteskundeak udal politikagintzaren erritmoa markatzen hasi dira dagoeneko, oraindik urtebete falta bada ere, eta azken egunetan EH Bildu izan da Araba zein Gasteizko hautagai nagusiak aurkeztu dituena. Izan ere, Eva Lopez de Arroyabe, Rocio Vitero eta Unai Fernandez de Betoño izango dira koalizio subiranistaren apustua 2023ko foru eta udal hauteskundeetara begira.

Arabako hiriburuari dagokionez, Rocio Vitero eta Unai Fernandez de Betoño EH Bilduren zerrendaburuak: Vitero izango da lehena, alkategai gisa; bigarrena, alkategaiaren taldekide gisa, Fernandez de Betoño joango da. Hautagaitzaren aurkezpenean, biek defendatu dute EH Bilduk bere burua "tresna gisa" eskaintzen diela herritarrei, "guztion artean hobeto bizitzeko Gasteiz bat eraikitzeko".

"Tresna bat Gasteiz hobetzeko eta aurrera egiteko. Asko dugu jokoan hurrengo urteetan. Udalerri gisa erronka garrantzitsuak ditugu, bai, baina baita ilusioz betetakoak ere. Geldirik gaituen eredu baten inertziak gainditzeko eta ausardiaz gure etorkizunaren alde egiteko garaia da", aldarrikatu du Viterok, Urtaranen gobernuaren "aldebakartasunaren" aurrean. Horretarako, "elkarlana" defendatu du bere proiektuaren oinarri gisa, beste talde politikoekin baina "batez ere eragile sozialekin eta herritarrekin".

Besteak beste, Gasteiz Antzokia, Emakumeen Etxea, BEIa, edo Zaramagako Elizan Memoriagunea eratzea izango dira datorren legealdian EH Bilduren babesa izango duten proiektuak.

Lau ardatz estrategiko

Bestalde, Fernandez de Betoñok "ideia eta proiektu argi eta eraldatzaileak" aldarrikatu ditu bere aburuz udal jarduera eratzen duten "lau ardatz estrategiko handiei" aurre egiteko: "Gizarte babesa eta ongizatea handitzea, gure produkzio sektorea eta gure enplegua berreskuratzea eta eraldatzea, klima larrialdiari eta trantsizio ekologiko eta energetikoari aurre egitea, eta modu jasangarri eta osasuntsuan hiri-berritzeari eta mugikortasunari ekitea", adierazi du.

Lehenik eta behin, arreta eta babes soziala "indartzea eta prestigiatzea" defendatu du. Horretarako, CIAM San Prudentzio berreskuratzea eta berritzea, Zaramagako Eguneko Arreta Zentroa martxan jartzea, ELZ publiko bihurtzea eta adinekoentzako zerbitzuen eredu deszentralizatu batean sakontzea proposatu du Fernandez de Betoñok, "ahalik eta auzo gehienetan" jantoki zerbitzua eta etxebizitza komunitarioak ezarriz.

Bigarrenik, produkzio sektorea eraldatzeko, "eredu askoz jasangarriagoak" eta "kalitatezko enplegua" eskatu ditu, besteak beste, Miñaoko Parke Teknologikoan Gigafaktoria proiektua eta Fabrikazio Aurreratuko Laborategia defendatuz.

Horrez gain, trantsizio ekologikoaren eta horren lidergo publikoaren "premiaz" ohartarazi du Fernandez de Betoñok. "Klima erronkak gure hiri-mugikortasuna birpentsatzera eta birdefinitzera ere behartzen gaitu. EH Bildu garraio publikoaren elektrifikazioari eta deskarbonizazioari dagokionez izan diren aldaketa handi guztietan izan da, eta asko dago oraindik egiteke, industrialdeetarako mugikortasuna hobetzea kasu", gaineratu du.

Azkenik, etxebizitzari dagokionez, alokairu publikoa sustatzeari eta birgaitzeari "arreta berezia" jarri behar zaiola aldarrikatu dute EH Bilduren Gasteizko hautagaiek, "bereziki 50 urte baino gehiagoko auzoetan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago