EH Bilduren apustua 2023rako: Eva Lopez de Arroyabe, Rocio Vitero eta Unai Fernandez de Betoño

Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 10:35

Eva Lopez de Arroyabe, Unai Fernandez de Betoño eta Rocio Vitero. / Argazkiak: EH BILDU

EH Bilduk 2023ko hauteskundeetako zerrendaburuak aurkeztu ditu: Eva Lopez de Arroyabe izango da Arabako diputatu nagusirako hautagaia, eta Rocio Vitero Gasteizko alkategaia, "gobernatzeko borondate argiarekin". Zerrendako bigarrena Unai Fernandez de Betoño izango da.

Dagoeneko martxa hartu du EH Bilduk 2023ko foru eta udal hauteskundeetara bidean. Joan den astean Kike Fernandez de Pinedok eta Felix Gonzalezek hautagaitzak errepikatuko ez dituztela iragarri ostean, asteburuarekin eta astelehenarekin batera iragarpen gehiago plazaratu dituzte: alde batetik, EH Bilduren Arabako Mahai Politikoak Eva Lopez de Arroyabe proposatu du ahaldun nagusirako hautagaia izateko; bestetik, Rocio Viterok eta Unai Fernandez de Betoñok Gasteizko proiektu politikoaren lidergoa hartuko dute, alkategai eta alkateordegai gisa, hurrenez hurren.

Eva Lopez de Arroyabe, diputatu nagusirako

Foru hauteskundeei begira, diputatu nagusirako hautagaiak proposatzeko barne prozesua maiatzaren 9an ireki zuen EH Bilduk, eta igande honetan itxi du proposamen bakarrarekin: Eva Lopez de Arroyabe (Gasteiz, 1973), Arabako Mahai Politikoaren eskutik.

Lopez de Arroyabe zuzendaritzako idazkaritzan titulatua da, eta abeltzaintzaren arloan lan egiten du. 2007 eta 2011 artean, UAGA eta EHNEko zuzendaritzako kidea izan zen; garai horretan, EHNEren berdintasun saila zuzendu zuen, eta UAGAko zuzendaritzan parte hartu zuten lehen emakumeetako bat izan zen, beste bi kiderekin batera.

2014 eta 2016 artean, Gure Soroa Arabako Emakume Nekazarien Elkartearen lehendakariordea izan zen. 2013 eta 2017 artean, Larreako Batzar Administratiboko lehendakaria izan zen, kargu hori bete zuen lehen emakumea izanik. 2015etik Arabako Batzar Nagusietako batzarkide da, eta 2016tik 2020ra Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide izan zen.

"Evak inor baino hobeto ordezka dezake, egun, EH Bilduren egitasmo politikoa Araban", aldarrikatu du Arabako Mahai Politikoak. "Bere ibilbide profesional eta militantean zehar, eta azken urteetan Kike Fernandez de Pinedorekin batera eskuz esku burututako lanean, lurraldearen ezagutza sakona pilatu du, Errioxatik Aiaraldera eta Añanatik Lautadara". Halaber, "bere gaitasun militantea eta egitasmo politikoarekiko zein Arabarekiko atxikimendu eta konpromisoa" nabarmendu dituzte, baita "Araba libre, feminista, sozial, iraunkor eta ekologista nahi duen gehiengo soziala ordezkatzeko duen gaitasuna eta egokitasuna" ere.

Rocio Vitero, alkategaia

Gasteizko udal hauteskundeei dagokienez ere, Mahai Politikoaren proposamena izan da aurkeztutako bakarra. Hortaz, militantziak berresten badu, Rocio Vitero (Gasteiz, 1980) izango da alkategaia, Gasteizko lehen emakume alkatea izateko helburuarekin. Gainera, zuzendaritzak Unai Fernandez de Betoño (Gasteiz, 1977) legebiltzarkidea proposatu du Viteroren alboan izateko, alkateorde gisa.

Vitero Gizarte Lanean graduatua da eta Bazterkeria, Integrazioa eta Herritartasuna masterra du. Gizarte politikak gainbegiratzen aditua da, eta adinekoen egoitzetan laguntzaile gisa lan egin du, Aterpe udal zentroko arduraduna izan da, eta Sidalava elkartea koordinatu eta kudeatu du. Horrez gain, gizarte eta boluntariotza mugimenduetan parte hartu du. 2019az geroztik, EH Bilduko zinegotzia izan da, eta, Gizarte Politiketan duen arduraz gain, Ogasun, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza arloetan buru izan da.

Unai Fernandez de Betoño, alkateordegaia

Bere aldetik, Fernandez de Betoño arkitekturan doktorea eta Hirigintzako irakaslea da EHUn. Hainbat urtez Ensanche 21 sozietate publikoko kontseilaria izan da, eta gaur egun EH Bilduko legebiltzarkidea da Eusko Legebiltzarrean, etxebizitza, lurralde antolamendua, mugikortasuna eta suspertze ekonomikoaren arloetan, besteak beste.

"Gasteiz gobernatzeko borondatea"

"Ibilbide profesional, politiko eta sozial aitortua duten bi pertsona dira. Ezagutza eta esperientzia osagarria duten bi pertsona, gobernatzeko erabateko kaudimena duen talde baten buru izango direnak", aldarrikatu du EH Bilduk. "Erronka global eta lokal handiek bat egiten duten une honetan, Vitero eta Fernandez de Betoñoren hautagaitzak Gasteiz gobernatzeko borondate argia islatzen du, hurbiltasunetik, elkarlanetik eta akordiotik abiatuta".

"Berdintasunaren, aniztasunaren, feminismoaren, ekologismoaren edo justizia sozialaren aldeko apustua egiten duen hiri batean bizi gara. Bada garaia balio partekatu horiek konplexurik gabe beste udalerri eredu batean islatzeko. Bada garaia gure erakunderik hurbilena gehiengoak eskatzen duen norabidean jartzeko", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago