EAJk irabaziko lituzke Gasteizko hauteskundeak, EH Bildurekin berdinduta

Erredakzioa 2022ko mai. 30a, 10:00

EITB Focusen 27. inkesta argitaratu dute astelehen honetan. / Grafikoa: EITB

EITB Focusen azken inkestaren arabera, EAJk eta EH Bilduk zazpi zinegotzi lortuko lituzkete Gasteizko udal hauteskundeetan. Haien atzetik, PSEk (sei) eta PPk (bost) eserleku kopurua mantenduko lukete, eta Elkarrekin taldeak hirutik bira jaitsiko litzateke.

Astelehen honetan, EAEko hiriburuetako udal hauteskundeetako aurreikuspenak plazaratu ditu EITB Focusek, boto asmoari buruzko bere 27. inkestan. EITBren makroinkestaren emaitzen arabera, hauteskundeak orain egingo balira, EAJk irabaziko luke hiru hiriburuetan, 2019an baino babes handiagoa jasota. Horrekin batera, EH Bilduren igoera orokorra, PSEren egonkortzea eta Elkarrekin Podemos zein PPren jaitsiera jaso ditu inkestak.

Arabako hiriburuari dagokionez, EH Bilduk 2019ko hauteskundeetan baino zinegotzi bat gehiago irabaziko luke, zazpi zinegotzirekin EAJren eserleku kopurua parekatuz. Bi taldeek aurreko emaitzak hobetuko lituzkete, PSEk eta PPk boto gutxiago jasota zinegotzi kopuruari eutsiko liokete —sei eta bost, hurrenez hurren—, eta Elkarrekin Podemos hiru zinegotzi izatetik bi izatera igaroko litzateke.

 

Jeltzaleek botoen %24,5 jasoko lituzkete oraingoan (2019an %23,8), eta subiranistek igoera are nabariagoa lortuko lukete, botoen %22,6 jasota (2019an %20,7). Ordezkaritza duten beste alderdi guztiek behera egingo lukete boto kopuruan: PSEk %21,5etik %21era, PPk %18,6tik %17,7ra, eta Elkarrekinek %9,9tik %8ra. Zinegotzirik gabeko alderdien artean, Vox botoen %1,4tik %3,9ra igoko litzateke, eta Ciudadanosek, berriz, %2,6tik %1,3ra jaitsiko litzateke.

 

Horrez gain, hiriburuetako alkateen balorazioari erreparatuz, Gorka Urtaranek 5,2ko balorazioa jaso du, eta parte-hartzaileen %96,8k ezagutzen du. Bestalde, %69k "begi onez" ikusten du Gasteizko Udalaren kudeaketa, 5,3ko batez besteko notarekin baloratuta.

Urtebete falta da oraindik udal eta foru hauteskundeetarako, 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko bailirateke. Nolanahi ere, alderdi guztiak dagoeneko murgilduta daude hauteskunde giroan, eta lehen inkestekin marrazten hasia da datorren ikasturterako panorama.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago