Kike Fernandez de Pinedok EH Bilduren hautagaia izateari utziko dio

Erredakzioa 2022ko mai. 19a, 13:00

Kike Fernandez de Pinedo, EH Bilduren bozeramailea Batzar Nagusietan. / ALEA

EH Bilduren batzarkide, bozeramaile eta diputatu nagusirako hautagai Kike Fernandez de Pinedok iragarri du hurrengo hauteskundeetan ez duela berriz ere bere burua aurkeztuko Arabako zerrendaburu gisa: "Ziklo bat bukatu eta erreleboa emateko ordua da".

Kike Fernandez de Pinedok (Gasteiz, 1961) El Correo egunkarian egindako elkarrizketa batean eta sare sozialetan eman du bere erabakiaren berri: "Legealdi bukaeran ez dut jarraituko Arabako EH Bilduren lehen lerroan. Ziklo bat bukatu eta erreleboa emateko ordua da. Horrela ulertzen dut politika. Plazer bat izan eta izango da komunitate honen bidaide izatea, eta elkarrekin lan egin eta amestea", idatzi du.

Duela hamaika urte (2011n) bere burua lehen aldiz aurkeztu zuen hauteskundeetara, eta 2011tik 2015era EH Bilduren udal taldeko zinegotzia eta bozeramailea izan zen Gasteizko Udalean. Ondoren, 2015ean eta 2019an, Arabako zerrendaburua eta diputatu nagusirako hautagaia izan da, eta batzarkide taldeko bozeramaile gisa aritu da bi legealdietan. 2023an batzarkide gisa amaituko du, eta ez du diputatu nagusirako hautagaitza errepikatuko.

Azaldu duenez, "erabakia hartuta" zeukan legealdiaren hasieratik. Orain, EH Bilduren barruan militatzen eta laguntzen jarraitzeko asmoa du, baina hezkuntzaren mundura itzultzeko asmoa du. Euskal Filologian lizentziatua, hainbat urtez AEKn, Lapuebla de Labarcako Assa ikastolan eta Murgia eta Samaniegoko institutuetan aritu zen bere garaian, baina oraingoz ez du ikastetxerik esleituta.

SAREAN

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago