Belaunaldi aldaketa garaiak Arabako EH Bildun, 2023ko hauteskunde ziklora begira. Ostegun honetan Kike Fernandez de Pinedok Arabako diputatu nagusirako hautagaitza errepikatuko ez duela iragarri ostean, ostiral honetan iritsi da EH Bilduren Gasteizko hautagaitzarekin lotutako beste albiste garrantzitsu bat.
"Zazpi urteotan nire onena ematen saiatu naiz, EH Bildurentzat, baina bereziki gasteiztarrentzat. Hurrengo legegintzaldian urrats bat egingo dut albo batera, beste kide batzuek urrats bat aurrera egin dezaten. Amesten dugun Gasteizen alde jarraituko dugu lanean. Dena dugu irabazteko!", idatzi du Felix Gonzalezek bere sare sozialetan. Aurretik, baina, horren berri eman du Radio Vitorian egindako elkarrizketa baten.
Gaur egun, Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko udal taldeko bozeramailea da, Miren Larrion auziaren ondorioz lehen lerrora iritsi ostean. Izan ere, kargua 2021ean hartu zuen Gonzalezek, Larrionek bere dimisioa aurkeztu eta gero; ordura arte zinegotzi gisa aritu da, 2015etik.
Bitartean, EH Bilduren hurrengo alkategaia aukeratzeko prozesua martxan dago jada. Astelehenean ezagutuko dira dagozkion abalekin aurkezten diren hautagaiak; hautagai bakarra aurkezten bada, 2023an EH Bilduren zerrendaburua izango da zuzenean. Hautagai bat baino gehiago baldin badaude, ordea, bilkideen arteko eztabaida eta bozketa abiatuko litzateke.