Arabarron memoria

Gernikatik Gasteizera: bi herrien memoriak lotzen dituen anaitasun haria

Mikel Buruaga 2022ko mar. 23a, 10:30

Gernika Batzordeak 1992an jarri zuen 'Martxoak 3. Askatasuna eta bakea' plaka. / ALEA

Urte berean, 1976ko martxoan eta apirilean, jaio ziren Martxoaren 3ko eta Gernikako bonbardaketaren biktimentzat justizia exijitzeko mugimenduak. Anaitasun horren adierazle, martxoaren 30ean Gernika Batzordea: 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen dokumentala estreinatuko dute Gasteizen.

Duela 85 urte, 1937ko apirilaren 26an, nazien Kondor Legioko eta italiar faxisten Aviazione Legionariako hegazkinek Gernika bonbardatu zuten. Bonbek, herria txikitu eta ehunka hildako utzi ez ezik, frankismoaren aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtu zuten Gernika. Lau hamarkada beranduago, 1976ko martxoaren 3an, Polizia Armatuak bost langile hil zituen Gasteizen.

Francorik gabeko frankismoaren luzapena zen, demokraziarako bidea erreforma eta hausturaren artean eztabaidatzen ari zen une hartan. Eta hara non memoriaren aldeko bi sugar piztu zirela Gasteizen eta Gernikan. Martxoak 3 Elkartea 1999an sortu zen arren, langileen odolez zipriztindutako kale horietan jarri zen martxan urtez urte justizia exijitu duen mugimendua. Bestalde, 1976ko apirilean, Gasteizko sarraskitik aste gutxi batzuetara, gaur egun Euskal Herriko memoria elkarterik urtetsuena den Gernika Batzordea aurkeztu zuten, bonbardaketatik bizirik atera ziren hainbat lagunekin batera. Garaikidetasun horrek eta diktaduraren gezurrezko itxieraren aurkako jarrerak gaur egun arte iraun duen anaitasun hari estu bat mamitu zuen bi mugimenduen artean.

Datorren asteazkenean, martxoaren 30ean, Gasteizek eta Gernikak topo egingo dute berriz ere, 19:00etan Gasteizko M3moria Gunean (Fermin Lasuen 5, Zaramaga) aurkeztuko duten Gernika Batzordea: 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen dokumentalaren aitziakiapean.

1976tik herri memoria egiten aritu den Gernika Batzordeak diktadura garaitik gaurdaino izandako bilakaera kontatzen du Haritz Petralandak eta Ibon Meñikak zuzendutako dokumentalak, "bonbek txikitutako bizitza eta bizipen zatiak batu eta kontakizun kaleidoskopikoa eraikiz". Ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurka Gernika Batzordean lan egin duten pertsonen testigantzak eta belaunaldi gazteagoekin egindako elkarrizketak uztartzen ditu, belaunaldien arteko memoria praktikan jarriz.

 

Haustura demokratikoaren garra

Alabaina, justiziaren aldeko aldarriak bi herrien arteko lotura sustraitu egin du hamarkadetan zehar. Bi mugimenduen ibilbideak behin baino gehiagotan gurutzatu dira, testuinguru ezberdinetan, Euskal Herriaren historiaren kronika baten gisara. Izan ere, ez batak ez besteak ez dute soilik beren borrokari dagokiona aldarrikatu; aitzitik, biak izan dira unean uneko hamaika borroka historikoren parte.

Gernika Batzordeak lau eskakizun nagusi plazaratu zituen bere burua aurkeztu zuen egunean: bonbardaketaren arduradunen aitortza ofiziala, artxibo militarren irekiera, Picassoren Guernica Gernikara eramatea, eta Gernika kulturaren hiria izendatzea. Hala ere, Gasteizko anai-arraben kasuan bezala, lau hamarkada eta erdiko ibilbidean inoiz ez da mugatu lan historikoa egitera, ezta soilik Gernikako testuingurura ere: euskal gatazkari irtenbide politikoa emateko zubiak marraztu ditu, beste herri batzuekiko elkartasun sareak sortu ditu, sinergiak bilatu ditu unean uneko aldarrikapen sozialekin, eta, batez ere, memoria "bizi, kolektibo eta borrokalari" batetik eraiki nahi du etorkizuna.

Gasteizko herriak Martxoaren 3ko sarraskiaren salaketa 46 urtez bizirik mantendu du, poliziak hildako langileen memoria eta garai bakoitzeko borrokak uztartuz: borroka sindikalak, greba orokorrak, intsumisioa, NATOren aurkako protestak, euskal presoen egoera, Egunkariaren itxiera, greba feminista, lan erreformak...

Hasiera batean modu bateratuan. Urteen poderioz, bereziki 80. hamarkadan zehar, testuinguru politikoak jarrera kontrajarriak eragin zituen erreformaren edo hausturaren aldeko sindikatu eta alderdien artean, eta horietako asko mobilizazioetatik aldentzen hasi ziren. 1991eko martxoaren 4an, El Correo egunkariak "ezker abertzalearen protagonismo gero eta handiagoa" aipatu zuen, eta joera hori 1986tik aurrera kokatu.

Gernika Batzordeak antolatutako 'Askatasuna eta Bakea' martxaren kartela.
Iturria: www.euskalmemoriadigitala.eus

 

1992: elkartasunaren txinparta

Oso garai gatazkatsuak bizi ziren Euskal Herrian: Arjeleko negoziazioen porrotaren ondoren, ETAren jardun armatua eta Espainiako Estatuaren errepresioa gordindu ziren. Talka hori gizarte zibilean ere islatzen zen. El País egunkariak argitaratu zuenez, bakearen aldeko bi martxa antolatu ziren aldi berean 1992. urteko udan; hori bai, ikuspegi politiko oso ezberdinarekin: "Atzodanik, bi herritar talde Euskal Herriko eta Nafarroako errepideetan protagonista izateko lehian ari dira", zioen egunkariak.

Alde batetik, 1986an sortutako Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak (Gesto por la Paz) "Euskadin indarkeriaren aurkako" oinezko martxa deitu zuen, ETAren aurkako gaitzespena azpimarratuz. Horren aurrean, Gernika Batzordeak Askatasuna eta bakea izeneko bizikleta martxa antolatu zuen, "Euskal Herriaren eskubide indibidual eta kolektiboen aitorpenean oinarritutako benetako bakea" aldarrikatuz.

Egunkariaren hemeroteka: 1992ko ekainaren 27a eta 30a, eta uztailaren 1a.
Iturria: EGUNKARIA

 

Bi martxen ibilbideak oso antzekoak izan ziren: Bilbotik abiatu eta Gernikan amaitu ziren, egun bateko aldearekin. Nolanahi ere, bi martxak egun berean iritsi ziren Gasteizera, ekainaren 30ean.

Testuinguru politiko bortitz horretan, ordura arte aurrekaririk ez zuen elkartasun keinu baten lekuko izan zen Arabako hiriburua. Gernika Batzordearen ekimenaren kasuan, memoria historikoarekin lotutako ekitaldi txiki bat egin zuten herri bakoitzean. Egun hartan, tropela 18:30ak aldera iritsi zen Gasteizera. Konstituzio plazan haritz bat landatu ostean, Jose Migel Barandiaranen monumentutik igaro ziren. Ondoren, Zaramagako Martxoak 3 plazan Martxoak 3. Askatasuna eta Bakea plaka jarri zuten. Gainera, Gobernu Militarretik aurrera Andre Maria Zuriaren plazaraino oinez iritsi aurretik, Argentinako Maiatza Plazako Amamek Salvador Allende ibilbidean hitza hartu zutela jaso zuen garaiko Egunkariak.

Gernika Batzordearen irudi ofiziala koloretako txoria da, eta askatasuna eta justizia aldarrikatzen ditu. Jende asko ohartu ez bada ere, oroigarriak bertan jarraitzen du gaur egun, eta aurten 30 urte beteko ditu, Gernika eta Gasteizko herrien arteko anaitasunaren adierazle gisa. Hemerotekan erantzuna topatu aurretik, Martxoak 3 Elkarteko kideek beraiek aitortu zuten bere garaian ez zekitela ez noiz ez nork jarri zuen.

Memoria osoaren alde

90. hamarkada atzean utzita, 2002. urtean ELA sindikatua deitzaileen artean egotera itzuli zen, eta orduz geroztik LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera osatutako gehiengo sindikalak antolatzen du urtero Martxoaren 3aren urteurreneko manifestazio nagusia. 2012an, gainera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek lehen aldiz parte hartu zuten omenaldietan.

Azken urteetan, bereizita bada ere, ia alderdi, sindikatu eta instituzio guztiek parte hartzen dute omenaldietan, mobilizazioetan edo bestelako ekimenetan. Batzuetan oso baldintza gogor eta zailetan Martxoaren 3aren memoria herrikoia urtez urte piztuta mantendu ostean, gutxi dira gaur egun justiziaren aldeko aldarriarekin, modu batean edo bestean, bat egiten ez duten gasteiztarrak.

Gasteiz eta Gernikaren arteko elkartasun istorio bitxi honetan, baina, beste kapitulu bat idatzi da azken urteetan: 2020ko abenduan, Euskal Herriko dozena bat memoria elkartek —horien artean Martxoak 3 Elkarteak eta Gernika Batzordeak— bat egin zuten Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkezteko. Eragileok Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Zentroaren eredu "diskriminatzailea" arbuiatu zuten. Espainiako errege-erreginek eta Pedro Sanchez presidenteak 2021eko ekainaren 1ean inauguratu zuten memoriala; kalean, ehunka pertsonak protesta egin zuten Memoria Osoa sareak deitutako elkarretaratzean.

Hurrengo kapitulua, baina ez azkena, datorren asteazkenean idatziko dute, dokumentalaren aurkezpenarekin. 2021eko urrian estreinatu zen, Gernikan, eta orain lehen aldiz ikusi ahal izango da Gasteizen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago