Ostegun honetan, urtero abenduaren 10ean ospatzen den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira eta Gasteizen proiektatutako Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren "planteamendu diskriminatzailearen aurrean", kanpaina bateratua aurkeztu dute memoria historikoaren arloko Euskal Herriko hainbat eragilek.
Amapola del Camino, Memoriaren Autobusa, Berriz 1936 Gogoratzen, Durango 1936, Egia, Justizia, Kalteordaina – Genozidio Donostia, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Gernika Memoriaren Lekuko, Goldatu elkartea, Intxorta 1937 kultur elkartea, Martxoak 3 Elkartea, Sanfermines 78 gogoan eta Oroituz Andoain dira Memoria osoa, bizikidetzaren alde manifestua plazaratu duten 13 elkarteak; orain, atxikimenduak jasotzen ari dira, besteak beste, ireki berri duten webgunean.
Bizikidetzaren ikuspegi integrala
"Euskal Herria Memoria duen herria da; asko dira gure zauri irekiak, eta ez ditugu ahaztu nahi indarkeria adierazpen ugarik eragindako marka horiek. Gure nahia da inork ezdezala inoiz, ez hemen, ez inon, gauza bera jasan.". Horrela hasten da ostegun honetan Gasteizen aurkeztutako manifestua. Hasierako eragile sinatzaileen asmoa gertuko historian izandako "Giza Eskubideen urraketa guztiak" kontuan hartzea da.
Horregatik, "bizikidetza eta inolako bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko memoria eraikitzeko erabaki irmoa" hartu dute. Erronka hori kolektiboa izan behar dela uste dute, eta bizikidetzaren ikuspegi integral batean oinarritutakoa, "azken hamarkadetako sufrimenduaren mapa osatzen duten errealitateak argazkitik ezabatu gabe".
Milaka biktimaren aitortza eza
Izan ere, elkarte memorialisten ustez, norabide horretan urrats batzuk eman dira, "tokiko esperientziak eta dinamikak, modu inklusiboan bizikidetza eraikitzea errazten dutenak". Kritikatu dutenez, ordea, "estrategia diskriminatzaileak" ere badaude, eta horien arriskuaz ohartarazi dute.
Estrategia horren barruan kokatu dute Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala, eta proiektua gaitzetsi egin dute. Izan ere, sustatu behar den "bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako bidean" doala uste dute eragile sinatzaileek.
Gogorarazi dutenez, zentro horren oinarria 29/2011 Legea da, hau da, Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako legea. Lege horrek testualki adierazten du "1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismo adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun zeinua" izan nahi duela. Memoria eragileen ustez, Terrorismoaren Biktimen Zentroaren planteamenduak kanpoan uzten ditu "Estatuaren aparatuek data horretatik aurrera eragindako Giza Eskubideen urraketen milaka biktima, eta baita aurreko urteetakoak ere".
Eusko Jaurlaritzaren bi legetan —107/2012 Dekretua eta 12/2016 Legea— eta Nafarroako Gobernuaren 16/2019 Foru Legean dagoeneko biktima horietako batzuk jasotzen badira ere, besteekin alderatuta aitortza maila berekoa ez dela deitoratu dute: "Oraindik, hartara, biktima asko daude aitortzeko eta Giza Eskubideen urraketen mapara gehitzeko".
"Gure memoria kolektiboari biktimen errealitatearen zati bat baztertuz helduko dion zentro hau dugu aurrean", ohartarazi dute. "Hori bizikidetzarako arazoa da; une historiko honetan, Giza Eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eraikitzaileak eta integralak behar ditugulako".
Hiru eskakizun
Horrenbestez, ostegun honetan Gasteizen bildutako memoria eragileek hiru eskaera luzatu dizkiete Euskal Herriko erakundeetako ordezkariei, hezkuntza komunitateari eta eragile politiko zein sozialei.
Lehenik eta behin, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren "planteamendu diskriminatzailea" ez onartzea eskatu dute; bigarrenik, "memoria osoan" oinarritutako dinamikak bultzatzea, "Giza Eskubideen urraketa guztiak barne hartuz"; eta, azkenik, "bizikidetza eraikitzea, bazterketarik gabe".