Hainbat urteko polemikaren eta irekiera ekitaldia hainbat aldiz atzeratu ostean, iritsi da Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren inaugurazio ofiziala. Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Espainiako errege-erreginak (Felipe VI.a Borboikoa eta Letizia Ortiz) eta Espainiako presidente Pedro Sanchez egon dira bertan, 12:30etik aurrera.
Memorialaren irekieragatik protesta egiteko, Memoria Osoa sareak (tartean, Martxoak 3 Elkarteak) elkarretaratzea deitu du Foru Plazan, 12:00etan, zentroaren "planteamendu diskriminatzailea" eta "eredu baztertzailea" salatzeko. Hainbat tentsio une bizi izan dira, Ertzaintzak bertan bildutako pertsonak inguratu dituelako.
Handik hogei bat metrotara, Memorialaren aurrean, 60 bat pertsona bildu dira Espainiako erregeari harrera egiteko; besteak beste, "Gora Espainia", "Gora Guardia Zibila", "Gora erregea" eta "Pedro Sanchez dimisioa" bezalako oihuak entzun dira.
Hortaz, proiektuaren aurrean gizartearen zatiketak eta iritzi kontrajarriek markatu dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren inaugurazioa.
Ekitaldia
Memoria Osoa sarearen protestaren ostean, ohorezko aurreskuarekin hasi da inaugurazio ekitaldia. Ondoren, oroimenezko plaka bistaratu dute, zentroko erakusketa iraunkorra bisitatu aurretik. Espainiako erregeak eta erreginak, Espainiako Gobernuko presidenteak, Urkullu lehendakariak eta gainerako agintariek hainbat gune bisitatu dituzte bertan: Jose Antonio Ortega Lara bahituta egon zeneko zuloaren erreprodukzioa, dokumentazio zentroa, atal historikoa eta haurren oroimenezko gunea.
Ekitaldiaren amaieran, Oroimenezko Zentroaren zuzendari Florencio Dominguezek, Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren lehendakari Tomas Caballerok eta Felipe VI.a erregeak hitz egin dute, ETAren biktimen elkarteen ordezkariak ere bertan zirela. Besteak beste, Felipe VI.ak zentroaren ohorezko liburua izenpetu du.
Irudiak
Los Reyes visitan una simulación del zulo donde estuvo secuestrado el funcionario de prisiones don José Antonio Ortega Lara. Inauguración del Centro Memorial de las Víctimas del Terrorismo en Vitoria. @MemorialVT https://t.co/nqTbZ81QuA pic.twitter.com/isd1r1JgkZ
— Casa de S.M. el Rey (@CasaReal) June 1, 2021
Los Reyes, en Vitoria para inaugurar el Centro Memorial de las Víctimas del Terrorismo. @MemorialVT https://t.co/nqTbZ81QuA pic.twitter.com/2vlQYZM5c9
— Casa de S.M. el Rey (@CasaReal) June 1, 2021
"Eredu diskriminatzailea"
Azken hamarkadan zehar, proiektuak kritika ugari jaso ditu biktimen arteko "diskriminazioa" eragiteagatik; izan ere, museoak soilik ETAren eta beste hainbat erakunde armaturen biktimak hartuko ditu kontuan.
2020ko abenduan, Euskal Herri osoko memoria eragileek Memoria Osoa sarea osatu eta Terrorismoaren Biktimen Zentroaren "eredu diskriminatzailea" arbuiatu zuten, museoak milaka biktima aitortu gabe utziko dituelako; besteak beste, Gasteizen bertan 1976ko Martxoaren 3an poliziak hildako bost langileak. Bitartean, diktaduraren estatu terrorismoan erantzukizun zuzena izan zuten Carrero Blanco edo Meliton Manzanas bezalako izen batzuk biktima gisa aintzat hartuko ditu museoak.
Horren aurrean, Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu zuten abenduan, Araba zein Gasteizko jendarte eta erakundeei aste honetan inauguratutako museoa "ez onartzeko" eskatuz.
Nolakoa izango da museoa?
Egitasmoa 2011n jarri zen martxan, duela hamarkada bat. Hasieratik Gasteizen kokatzea erabaki zuten sustatzaileek, hain zuzen ere, Espainiako Bankuaren eraikin zaharrean. Eraikina bera egokitzeko lanak duela hiru urte amaitu ziren, baina ingurua egokitzeko lanek eta pandemiak behin eta berriz atzeratu dute irekiera.
Museoa lau ataletan banatuko da:
- Testuingurua: "Espainiako eta munduko terrorismoaren historia". ETAz gain, beste aipamen batzuk egongo dira: GAL, Batallon Vasco Español, New Yorkeko Irailaren 11ko atentatuak eta beste eraso jihadista batzuk, besteak beste.
- Egileak eta beren ingurunea: "Nola jokatu zuten? Zergatik?".
- Erantzun soziala, poliziala eta judiziala.
- Biktimen oroitzapena. Hainbat testigantza, idatzizkoak zein ikus-entzunezkoak, "memoria biziari forma emateko" helburuarekin.
Ortega Lararen zuloa
Zalantzarik gabe, 1996 eta 1997 artean ETAk Jose Antonio Ortega Lara bahituta gordetzeko eraiki zuen zuloaren erreplika izango da ikusmin handiena eragin duen elementua. Espetxe funtzionarioak 532 egun eman zituen hiru metro luze, 2,5 metro zabal eta 1,80 metro altuerako lur azpiko gela txiki batean.