Kultura Biziak agur esan du, hamar hilabeteko ibilbidearen ostean

Mikel Buruaga 2022ko urt. 26a, 12:50
Kultura Bizia egitasmoa osatu duten lagunen talde argazkia. / Argazkia: Stuart MacDonald

Pandemia betean kulturari bultzada bat emateko 2021eko apirilean hasitako bideari amaiera eman dio Kultura Bizia guneak, urtarrilean. "Eskerrik asko kulturarekin bat egiteagatik", adierazi du lantaldeak, agur mezu batean.

Hamar hilabete, dozenaka kontzertu eta ikuskizun, ehunka langile eta milaka ikus-entzule, iazko apirilean bere burua aurkeztu zuenetik. Laburra bezain emankorra izan da Kultura Bizia gunearen ibilbidea, baina pandemia betean kulturari ezinbesteko bultzada emateko balio izan du.

"Erabilera anitzeko kultur gune bat behar da, gauza asko egiteko aukera emango duena", aldarrikatu zuen Kultura Bizia elkarteko sustatzaile Jabolo Sagastumek, ALEArekin izandako solasaldi batean. Orain, azpiegitura desmontatu eta gero, beharrizan horrek mahai gainean jarraitzen du, Iradier Arenan loratutakoa etorkizuna eraikitzeko zimendu izan daitekeen arren.

Kultura Bizia gunea estreinatzeko Crim eta La Excavadora taldeek emandako kontzertua urrun dagoela dirudi. Zortzi hilabete igaro dira maiatzaren 15ean, eseritako 600 ikusleren aurrean, txinparta hura piztu zutenetik. Orduz geroztik, Covid-19ari aurre egiteko segurtasun protokolo guztiak betetzea izan da proiektuaren erronka nagusietako bat.

 

Ondoren, irailera arte irautekoa zen egitaraua luzatzea erabaki zuten Gasteizko Udalak eta Aldundiak, lankidetza hitzarmena 2022ko urtarrilera arte berrituz. Ikasturte berriarekin batera, zuzeneko musikaren zein kultur ikuskizunen egoitza izaten jarraitu du Kultura Bizia guneak. Baina urtarrilaren 9an EiTBko Goazen ikuskizunak eman zion amaiera.

Duela bost egun, urtarrilaren 21ean, hamar hilabete hauetan izandako azpiegitura desmontatuta, agur esan zuen Kultura Biziak. "Beste bat arte. Eskerrik asko era batean edo bestean proiektu honen parte izan edo bertan parte hartu duzuen guztioi", adierazi zuten, sare sozialetan zabaldutako agur mezu batean.

Horrekin batera, proiektuaren parte izandako askoren talde argazkia eta Iradier Arenako oholtzatik igaro diren talde eta ikuskizun guztien zerrenda.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide