Irailera bitartean, lurraldeko kulturarentzako eta herritarrentzako espazio bat izango da Iradier Arena. Kultura Bizia elkartean bildutako kultur eragileek, Arabako erakundeen eta Laboral Kutxaren babesarekin, martxan jarriko duten espazioak 600 pertsonentzako edukiera izango du, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta.
Honako talde hauek arituko dira Kultura Bizia espazioaren oholtza gainean: Gatibu, La Excavadora, Crim, Talco, The Potes, The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lagrimas de Sangre, besteak beste.
Apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatutako San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizunez gain, hainbat data lotu dira oraingoz:
- Maiatzak 15: La Excavadora + Crim
- Maiatzak 22: Talco + The Potes
- Maiatzak 29: Gatibu
Momentuz bakarrik kontzertuak iragarri diren arren, mota guztietako ekitaldi kulturalak hartuko ditu Iradier Arenak, eta egitaraua zehaztu ahala iragarriko dira: jaialdiak, antzerkia eta zinemaldiak, besteak beste.
Kultura Bizia egitasmoa musika, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektoretako 30 eragile kulturalek sustatu dute, eta programazio iraunkorra izango du apiriletik irailera bitartean. Ikuskizunetarako sarrerak www.kulturabizia.eus webgunean eskuratu ahal izango dira.
Erakundeek azpiegitura jarri dute, eta 220.000 euro inbertituko dira Iradier Arena egokitzeko. Bestalde, Kultura Bizia elkartean bildutako kultur eragileak arduratuko dira programazioa osatzeaz.