Jabolo Sagastume

"Erabilera anitzeko kultur gune bat behar da, gauza asko egiteko aukera emango duena"

Mikel Buruaga 2021ko api. 12a, 20:30
Jabolo Sagastume, Kultura Bizia elkartearen sustatzailea. / ALEA

Apiriletik irailera bitartean, Kultura Bizia gunea bihurtuko da Iradier Arena. Hainbat kontzertu iragarri dituzte eta maiatzaren 15ean izango da lehena, baina udazkenetik egindako sukalde lanari begira jarri gara Jabolo Sagastumerekin.

2020ko martxoan, pandemiaren hasierak gogor kolpatu zuen kulturaren sektorea. Urtebete igaro da eta, argi izpi xume batzuk kenduta, egoerak ez du askoz hobera egin, segurtasun neurriek eta edukierari ezarritako mugak erabat baldintzatu dutelako Gasteizko eskaintza kulturala; batez ere, zuzeneko musikaren eta ikuskizun jendetsuen programazioari dagokionez.

"Iradier Arena ez da gune erraza, eta hori badakigu; ez dago ongi diseinatuta"

Kezka horretatik abiatu zen Kultura Bizia. Urrian hasi ziren bilera informalak egiten; gero eta eragile gehiago batzen joan ziren ondoren, eta hasierako ideia elkarte bilakatu zen. Aldundiarekin, Udalarekin eta beste erakunde batzuekin egindako harremanek bere fruitua eman dute, eta, azkenik, Iradier Arena izango da egitasmoaren egoitza, 600 pertsonarentzako edukierarekin eta apiriletik irailera luzatuko den askotariko programazio batekin.

La Excavadora, Crim, Talco, Gatibu eta The Baboon Show taldeak iragarri dituzte, besteak beste. Baina izen eta ekitaldi gehiago iritsiko dira laster. Bitartean, ALEAk Kultura Bizia elkarteko sustatzaile Jabolo Sagastumerekin hitz egin du, proiektuaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko.

Zein izan zen Kultura Biziaren hazia?

Abiapuntua oso argia izan zen: programatzeko leku bat behar genuen. Proiektuan pentsatzen hasi ginenetik, irekia eta anitza izan behar zela erabaki genuen. Beraz, irailean eta urrian jende ugarirekin hitz egiten hasi ginen, babes nahikoarekin jotzeko erakundeengana. Proposamena ondo iruditu zitzaien, eta berehala hasi ginen lanean. Plataforma batean pentsatu genuen hasieran, baina azkenean, administrazio arrazoiengatik, elkarte bat sortu genuen. Bilera asko egin ditugu, batez ere Diputazioarekin; erakundeen aldetik haiek mugitu baitute gehiena. Aldi berean, sare bat osatu dugu elkarteekin, eta bilerak zein asanbladak egin dira.

"Etorkizunera begira, logika gehien daukana Kultura Bizia bera da, espazioa baino"

Zer eragilek hartu dute parte?

Alde batetik, Gasteizko areto nagusiak daude: Jimmy Jazz, Kubik, Hell Dorado eta Urban Rock Concept. Baina bestelako kultur eragile asko batu dira egitasmora: jaialdiei dagokienez, Magialdia, Jazzaldia, Azkena Rock Festival edo Aitzina Folk; Teatro Paraiso edo Pez Limbo bezalako antzerki konpainiak; baita ekitaldien antolakuntzan lan egiten duten norbanakoak eta enpresak ere. Guztira, 30 eragile inguru dira.

Iradier Arena espazio egokia dela uste duzue?

Jatorrizko ideia ez zen, bere horretan, Iradier Arena erabiltzea. Garrantzitsuena gune bat topatzea zen. Iradier Arena ez da gune erraza, eta hori badakigu; ez dago ongi diseinatuta. Baina egia da hiri honetan ez dagoela askoz aukera gehiago, beraz, daukaguna ahalik eta hobekien egokitzen saiatuko gara. 600 pertsonarentzako edukiera kudeatzea esfortzu handia suposatzen ari da; espazioa oso handia da baina, hala ere, pandemiaren aurretik aretoetan sartzen genuen jende kopuruaren oso antzekoa da, edo txikiagoa.

Etorkizunerako inflexio puntu bat izan daiteke?

Izan daiteke, erakundeek ikusten badute formatu horrek etorkizunerako balio dezakeela. Nik uste dut, etorkizunera begira, logika gehien daukana Kultura Bizia bera dela, espazioa baino; azken hori ez baitago gure esku, erakundeen erabakia da. Agian honen ostean ondorioztatzen da benetan erabilera anitzeko kultur gune bat behar dela. Ez hainbeste auditorium bat, baizik eta gauza asko egiteko aukera emango duen espazio bat. Jarduera kultural gehienek, beren kabuz, ezin dutelako justifikatu espazio handi baten erabilera jarraitua. Hori espero dut, eta hau guztia esperimentu ona izan daiteke.

Oraingoan, 600 pertsonarentzako edukiera izango du Iradier Arenak. / POLI KARPO

 

Nola kudeatuko duzue egunerokoa?

Lantalde eragile bat dago, elkarteko kideen zein kanpotik iristen diren proposamenak jasotzen dituena. Ondoren, proposamen horiek baloratu eta programatuko ditu, egutegiaren arabera. Horrekin batera, kultur eragile txikiagoengana ere joko dugu, espazioa erabiltzeko gonbitearekin; azken finean, gunea erabiltzea nahi dugulako. Jarduera programatzen duenak sarreren salmentatik eta barratik —jartzeko aukera dagoenean— lortutako diruaren zati bat eramango du, baina alokairu moduko bat ordainduko du espazioa erabiltzeagatik. Era berean, Kultura Bizia elkarteak beste zati bat eramango du, eguneroko gastuei aurre egiteko; besteak beste, kudeaketa egiteko hainbat pertsona kontratatu direlako.

"Oraingoz, ez dakigu zer egingo den Gasteizko Jaietan, baina datak gordeta daude"

Hainbat data iragarri dituzue. Beste zerbait aurreratzerik?

Iragarritako datak itxita daudenak dira, eta aurreratutako hainbat talderen datak zehaztea falta da. Hala ere, gauza asko lotuta daude jada, eta datozen egunetan iragarriko dira, KulturaBizia.eus webgunean eta elkartearen sare sozialetan.

Gasteizko Jaietan zerbait egongo da?

Ez dakigu, oraingoz; baina data horiek gordeta daude, eta Gasteizko Udalak aztertuko du zer egin. Gauza bera Jazzaldia eta Azkena Rock Festival jaialdiekin. Gauzak zehaztu ahala iragarriko dira.

Zein da kulturaren egoera Araban?

Hau azpimarratzea gustatzen zait: egingo duguna baino askoz gehiago da kultura. Askotan, "kultura salbatuko dugu" edo antzeko gauzak esaten dira, eta, nire ustez, kultura salbatuta dago nahiz eta kontzerturik ez egon. Kulturaren egoera oso txarra da, batez ere zuzeneko ikuskizunei dagokienez. Baina arte galeriak ere gaizki daude eta, adibidez, Talka galeriak itxi behar izan du.

"Zuzeneko ikuskizunen sektoreari burua zulotik ateratzen laguntzeko balio dezake"

Kultura Biziak sektoreari bultzada bat emateko balioko du?

Nire ustez, zuzeneko ikuskizunen sektoreari burua zulotik ateratzen laguntzeko balio dezake. Kulturaren sektoreari bere osotasunean laguntzea bide zailagoa izango da, Iradier Arenan egingo dena horren zati txiki bat baino ez delako. Batez ere, lagungarria izango da enpresa txiki eta ertainentzat; gaur egun, horiek dira gehiengoa Araban, ez baitago enpresa handirik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide