Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak aldatu egin dute Kultura Bizia elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Iradier Arenan kultura-jarduerak antolatzen jarraitzeko 2022ko urtarrilaren 10era arte. "Hasiera batean, urrian bukatzekoa zen Kultura Bizia programa, baina pandemiaren bilakaera dela eta, beharrezkotzat jo dugu hiriko kulturaren sektoreari laguntzen jarraitzea. Iradier Arenan ekitaldiak sustatzeko formula arrakastatsua izan da, eta urtarrilera arte jarraitzearen aldeko apustua egin dugu", adierazi du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Hain zuzen ere, elkarte horri 50.000 euroko dirulaguntza ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur egindako bilkuran, Iradier Arenaren akustika hobetzeko eta espazioak egokitzeko, Kultura Bizia programaren esparruan sustatutako ekitaldiak bertan egin daitezen. Kultura diputatu Ana del Valek, berriz, honela adierazi du: "Bistakoa da espazio hori funtzionatzen ari dela; asmatu genuen horren aldeko apustuarekin, eta komeni da beste hilabete batzuez jarraitzea, Iradier Arenak eskaintzen dituen aukerak behar dituzten agenteen jarduera publikoa nahiz pribatua programatzen jarrai dezan. Ildo horretatik, Foru Aldunditik, Udalarekin koordinatuta, Kultura Bizia bideragarri egiteko elkarlanean jarraituko dugu urtarrilera arte, eta kultur eragile lokalei babesa ematen".
Kultura Bizia Gunea joan den apirilaren 12an aurkeztu zuten eta maiatzaren 1etik aurrera hartu izan ditu jarduerak, eta lurraldeko kultur eragileek, Kultura Bizia elkartean antolaturik, era guztietako kultura-ekitaldiak programatu ahal izan dituzte. Hurrengo asteetan, besteak beste, Azkena Rock jaialdiaren edizio berezia, Korrontzi eta Stay Homasen kontzertuak izango dira.