Euskaraldiaren hirugarren edizioak bere lehen urratsa egin du Gasteizen

Mikel Buruaga 2022ko urt. 21a, 06:00

Goiatz Urkijo eta Txerra Rodriguezen mahai-ingurua, Ane Gebara eta Aitor Vinagreten antzerkia, bideo emanaldia eta talde dinamikak izan zituzten aurtengo Euskaraldia Gasteizen aurkezteko ekitaldian.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta ariguneen apustuari jarraipena emanez. Gasteizko Euskaraldiaren aurkezpena asteazken honetan egin zuten, 17:00etatik 20:00etara Europa Jauregian.

Hainbat jarduera antolatu zituzten arratsalde osoko egitaraua osatzeko: mahai-ingurua Arabako Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijo eta Txerra Rodriguez soziolinguista eta hizkuntza aholkulariarekin, antzerkia Aitor Vinagret eta Ane Gebararen eskutik, eta Gasteizko ariguneen inguruko bideo emanaldia... eta, azkenik, Euskaraldiaren erronka nagusiak identifikatzeko talde dinamika partehartzailea.

Mahainguruan, aurtengo edizioaren nondik norakoak azaldu zituen Urkijok; Rodriguezek, berriz, publikoaren begirada harago eraman nahi izan zuen, eta euskalgintza mugimenduaren erronka nagusien inguruan aritu zen. Biek ala biek solasaldi interesgarria piztu zuten ikus-entzuleekin, eta zalantzak, proposamenak eta era guztietako hausnarketak elkarbanatu zituzten hurbildu ziren lagunekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide