2022ko Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da

Erredakzioa 2021ko aza. 22a, 13:30
Euskaraldiaren 2022ko edizioa aurkezteko prentsaurrekoa, Iruñean. / TOPAGUNEA

Euskaraldiaren hirugarren edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da, Hitzez ekiteko garaia lelopean eta ariguneei jarraipena emanez.

Euskaltzaleen Topaguneak Euskaraldiaren hurrengo edizioa aurkeztu du igande honetan, Iruñeko Zentral aretoan, erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkariekin batera. 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboaren hirugarren edizioa. Hori prestatzeko, laster martxan jarriko dituzte herrietako batzordeak eta era guztietako entitateak.

Edizio honetan ere, belarriprest eta ahobizi rolak hartu ahal izango dituzte herritarrek, eta jarraipena emango zaie bigarren edizioan entitateetan martxan jarritako ariguneei, horiek finkatuz eta pandemiaren eraginez 2020an heldu ezin izan zen entitateetara zabalduz.

"Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna", azaldu dute.

Joan den astean Hitzekin lelopean aurkeztutako 22. Korrikaren ildo beretik, hirugarren ediziorako leloa Euskaraldia: hitzez ekiteko garaia izango da, "jauzi garrantzitsu bat" emateko asmoz: "Harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da leloaren bidez", azaldu dute.

Gainera, bigarren edizioaren ostean egindako hainbat ikerketaren ondorioetatik lantzen ari dira hurrengo ariketa soziala. Azaldu dutenez, ikerketa horietan ondorioztatu dute "partaideek ariketan izandako bizipenak eta hizkuntza ohitura aldaketetan izandako lorpenak ekimenarekiko iritzian duen pisua handia dela". Belarriprest zein ahobiziek beren ingurune hurbilean eragin ditzaketen aldaketak areagotzeko tresnak martxan jartzea izango da hurrengo hilabeteetarako erronka nagusia.

"Urte garrantzitsua izango da herriz herriko euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko. Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea", azpimarratu dute Euskaraldiaren sustatzaileek.

Haurren aurrean, helduok heldu

Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneak hainbat jarduera antolatu ditu Gasteizen, azaroaren 26tik Euskararen Egunera bitartean, Haurren aurrean, helduok heldu lelopean. Helduen praktikan eragiteko helburua du ekimenak, umeek espazio formaletatik kanpo euskara entzutea bultzatuz.

Gasteizko sei auzok parte hartuko dute —Arriaga (Umandi Ikastola), Salburua (Ekialdeko Parkea), Judimendi (Mediko Tornay plaza), Abetxuku (Ikastola), Lakua (Fausto de Iñiguez de Betolaza plaza) eta Olarizu (Hegoalde gizarte etxeko plaza)—, eta askotariko ekintzak izango dira: formakuntzak, kontzertuak, bigarren eskuko azokak eta abar.

2022ko Euskaraldiari begira, auzo aktibazioaren lehenengo urratsa izango da, pandemiaren ostean euskararen aldeko indarrei berriz eusteko. 

 

Spota

 

Murala

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide