Hamar hilabete pasatxo falta dira Euskaraldiaren hirugarren ediziorako. 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta ariguneen apustuari jarraipena emanez.
Herrietako lantaldeak dagoeneko martxan daude, baita Araban ere, eta, urte hasieratik ekiteko asmoz, Gasteizko Euskaraldiaren aurkezpena asteazken honetan egin dute, 17:00etatik 20:00etara Europa Jauregian.
Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte arratsalde osoko egitaraua osatzeko: mahai-ingurua Arabako Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijo eta Txerra Rodriguez soziolinguista eta hizkuntza aholkulariarekin, antzerkia Aitor Vinagret eta Ane Gebararen eskutik, eta Gasteizko ariguneen inguruko bideo emanaldia... eta, azkenik, Euskaraldiaren erronka nagusiak identifikatzeko talde dinamika partehartzailea.
Mahainguruan, aurtengo edizioaren nondik norakoak azaldu ditu Urkijok; Rodriguezek, berriz, publikoaren begirada harago eraman nahi izan du, eta euskalgintza mugimenduaren erronka nagusien inguruan aritu da. Biek ala biek solasaldi interesgarria piztu dute ikus-entzuleekin, eta zalantzak, proposamenak eta era guztietako hausnarketak elkarbanatu dituzte hurbildu diren lagunekin.
"2022. urtea… Badator berriz Euskaraldia. Baina ez dator bakarrik, Korrikaren urtea ere izango baita aurtengoa. Ekin diezaiogun urteari eskuz esku, pandemiak eragindako gorabeherak gainditu eta ilusioz, korrika eta kalaka, euskarari urtebeteko ibilbide oparoa irekiz", ospatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek.