Memoria Gara ekimenak 11n 11etan izeneko jardunaldia egin du asteburu honetan, 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan eragindako sarraskiaren lekuko izandako Asisko San Frantzisko elizan oroimenerako gune bat sortzen jarraitzeko. Jardunaldi horren bidez, Luis Peña Gantxegik diseinatutako tenpluak eskaintzen dituen "espazio, forma, eduki eta aukerei buruz pentsatzea eta ideiak partekatzea" nahi izan du Memoria Garak, "Martxoaren 3ko memoriek adierazten dutenari buruzko zentro bat hartuko duelako".
Espazioa modu partekatuan diseinatzeko beste urrats bat izateko asmoz, besteak beste, hainbat arlotan esperientzia duten hamabi adituk hartu dute parte: besteak beste, Bibat museoko zuzendari Jaione Agirre, Artium museoko egungo zuzendari Beatriz Herranz eta zuzendari ohi Daniel Castillejo, Veronica Benedet eta Unai Fernadez de Betoño arkitektoak, Txaro Arrazola eta Javier Hernandez Landazabal artistak, Aritza Saenz del Castillo historialaria, Kultura Biziako kide Javier Sagastume, Mertxe Navaridas Arte Plastikoetan aditua, Sonora estudioko Martin Guridi eta Eko Ingenieritza Akustikoa enpresako Alfredo Knörr.
Jardunaldia larunbateko 11:00etan hasi zen, tenplua bisitatuz. Hala ere, Gasteizko Gotzaindegiak eliza osora sartzeari uko egin ostean, ibilbide partziala egin zuten, Martxoak 3 Elkarteak antolatzen dituen bisita gidatuak amaitzen diren espazio txikira eta kanpoaldera mugatuta. Ibilbidean zehar, Josu Santamarina historialariak eraikinaren xehetasunak eta Memoria Gararen helburuak azaldu zituen.
Ondoren, hiru lantalde sortu zituzten Martxoak 3 Elkartearen egoitza den Memoria Gunean. Eraikinaren planoen gainean, lantalde bakoitzak ideia jasa txiki bat egin zuen, bere ikuspuntutik eta esperientziatik, etorkizuneko memoriaren espazioaren diseinuari eta edukiei buruz. Amaitzeko, bateratze lana egin zuten, eta horren ondorioak datozen egunetan plazaratuko ditu Memoria Gara ekimenak.
Espazioaren diseinu partekatua
2018ko urrian egitasmoa aurkeztu zenetik, azken bi urteetan, espazioa diseinatzen aritu dira Memoria Gara ekimenaren sustatzaileak. Besteak beste, 2020ko otsailean Martxoak 3: Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) topaketak antolatu zituzten; hamabost adituren eskutik, edukiak, espazioko esku-hartzea eta kudeaketari begira, proiektua gauzatzeko hainbat gako jorratu ziren bertan.
Duela urtebete, 2020ko abenduan, San Frantzisko elizan memoriaren gune bat sortzeko proiektua aurkeztu zuen Memoria Garak, proiektuaren oinarriak zehazteko. Asteburu honetako jardunaldiekin, berriz, "espazioa modu partekatuan diseinatzeko beste urrats bat" egin nahi izan du Memoria Garak.