Memoria Gara

San Frantzisko elizan memoria gune bat diseinatzeko jardunaldiak

Erredakzioa 2020ko urt. 15a, 10:00

Abenduan proiektuarekiko konpromisoak eskatu ziezkieten erakundeei. / Argazkia: Memoria Gara

Memoria Gara egitasmoak tailer irekiak antolatu ditu urtarrilean, Asisko San Frantzisko elizan sortu nahi duten memoria gunearen definizioan eta diseinuan "aurrera egiteko". Otsailean, jardunaldiak egingo dituzte hainbat arlotan adituak diren pertsonekin.

Martxoak 3, memoria (k), espazioa (k), kolektiboa (k) izenburupean, hiru tailer ireki garatuko dituzte Zaramagan, Errekaleorren eta Alde Zaharrean, urtarrilaren 20an, 21ean eta 23an.

"Interesa duten pertsona guztiak" gonbidatu dituzte etorkizuneko zentroaren definizioan parte hartzera. Hiru ardatzen inguruan jasoko dituzte ekarpenak: espazioaren edukiak, interbentzio artistiko arkitektonikoa -elizan bertan- eta kudeaketa eredua.

Urtarrilaren 20ko tailerra Zaramagako M3moria Gunean izango da; 21ekoa Errekaleorreko Romualdo Barroso zineman; eta azkenik, Alde Zaharreko Gasteiz Txiki Auzo Elkartean. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Memoria Gara. San Frantzisko eliza, memoriaren gune. / HalaBideo

"Nola imajinatzen dugu espazio hori? Zer eduki jaso beharko lituzke? Zer espazio hartu beharko luke? Zer eskaintza jaso beharko luke? Nola kudeatu beharko litzateke? Zer finantzaketa mota litzateke egokiena?". Tailer parte hartzaileen bitartez, galdera horiei eta askoz gehiagori erantzun nahi dietela azaldu du Memoria Garak.

Baina tailer irekiak "lehen pauso bat baino ez" direla argitu dute. Ondoren, otsailaren 3an, 4an eta 5ean, edukietan sakontzeko jardunaldiak antolatuko dituzte Montehermoso Jauregian eta Bibat Museoan. Bertan, aipatutako gaietan "adituak diren pertsonek" parte hartuko dutela azaldu dute. Datozen asteetan emango dituzte jardunaldien inguruko zehaztapenak.

Urtarrilean antolatutako tailer irekien kartela. / Irudia: Memoria Gara

 

Memoriaren eta Giza Eskubideen zentroa

Duela urtebete baino gehiago aurkeztu zen Memoria Gara, 2018ko urrian, Asisko San Frantzisko eliza "memoriaren ikur enblematiko" gisa gordetzeko helburuarekin. Proiektu honen bitartez, Gasteizko "memoria inklusiboa bizirik" mantentzen lagundu nahi dute.

Ordutik, modu ezberdinetan jendarteratu du bere proposamena Memoria Gara egitasmoak, "gure historia garaikideko eta memoria kolektiborako hain sinbolikoa den proiektu hau gizarteratzeko".

Duela urtebete, dozenaka lagunek San Frantzisko eliza inguratu zuten, orain itxita dagoen "oroimenaren sinbolo bat" berreskuratzeko.

2019ko otsailean, Galdutako denboraren bila, txokolate bat eta oroigarri baten truke magdalena bat izeneko ekimena garatu zuten. Prousten eleberri ospetsuan bezala, zaporeak erabili zituzten, 1976ko martxoaren 3ari eta bere testuinguruari buruzko "oroitzapenak astintzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago