Arabarron memoria

San Frantzisko elizan memoriaren gune bat sortzeko proiektua aurkeztu du Memoria Garak

Mikel Buruaga 2020ko abe. 9a, 11:15

'M3: San Frantzisko memoriarako espazioa' proiektuaren aurkezpena, M3moria Gunean. / ALEA

Memoria Gara egitasmoak memoriarako espazio bat sortu nahi du San Frantzisko elizan, "etengabe aldatuko dena, ikertuko duena eta beste biktimei ahotsa emango diena". Proiektuaren oinarriak garatu dituzte jada, otsaileko jardunaldietatik abiatuta.

Asisko San Frantsizko elizan memoriaren gune bat eraikitzeko oinarrien proiektua errealitate bat da dagoeneko. Izan ere, Memoria Gara egitasmoak M3: San Frantzisko memoriarako espazioa proiektua aurkeztu du ostegun honetan.

Helburu argi bat du Memoria Garak: 1976ko Martxoaren 3ko sarraskiaren lekuko izandako Zaramagako elizan gune didaktiko bat sortzea, "etengabe aldatuko dena, funts propioa izango duena, ikertuko duena eta beste biktimei ahotsa emango diena".

Aurtengo otsailean egindako M3 Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) jardunaldien ondorioetatik abiatuta, Josu Santamarina historialariak garatu du proiektua. Jardunaldi horietan, 15 adituren iritziak eta proposamenak jaso ziren, proiektua gauzatzeko ardatz nagusien inguruan: edukiak, espazioa bera eta kudeaketa eredua. Gainera, hainbat tailer partehartzaile egin ziren, eta elkarrizketak egin zizkieten Gasteizko sarraskia azaletik bizi izan zuten pertsonei.

Ostegun goizean M3moria Gunean eskainitako agerraldiaren ostean, proiektuaren egile Josu Santamarinak eta Martxoak 3 Elkarteko Nerea Martinez Aranburuzabalak lanaren ondorioak aurkeztuko dituzte arratsaldean, ekitaldi publiko batean; Aldabe Gizarte Etxeko areto nagusian izango da, 19:00etan.

 

Langile memoria, konplexua eta anitza

Lanaren ondorio nagusietako bat da Martxoaren 3a "ezingo dela inoiz izan memoria jentrifikatzeko plataforma bat, ezta hiri-jentrifikaziorako ere", azaldu du Santamarinak. "Eliteek memoria espazioak diseinatu nahi badituzte gatazkaren nozioa saihesteko eta klase nagusien balioak erreproduzitzeko, balio horiek alferrikakoak izango dira; Martxoaren 3ko memoria langileena izango da edo ez da izango", azpimarratu du.

Memoria Gara egitasmoarentzat, Martxoaren 3ko memoria "ez da monolitikoa, ezta unibokoa ere, konplexua eta anitza baizik". Horregatik egin dute ikertu eta aztertu beharreko memoria bat sortzearen aldeko apustua, "etengabe eguneratuko dena eta iraganaren eta orainaren arteko zubi bihurtuko dena".

Hortaz, etorkizuneko memoriarako espazioak "kontakizun ofizialetan baztertu diren beste biktimak" aitortu behar dituela deritzote: "Hierarkiarik gabe, benetako memoria-lan antirrepresibo eta feminista bat egin ahal izateko".

Josu Santamarina, proiektuaren egilea, eta Nerea Martinez, Martxoak 3 Elkarteko kidea.

 

Proiektu museografikoa eta ikerketa gunea

Memoria Gararen aburuz, "gehiago eta hobeto" ikertu behar da Martxoaren 3ko memoriaren aitorpenean, "ulermenean sakonduz eta garai hartako esperientzia kolektiboa eskainiz". Horrez gain, azken 45 urteetan izan diren adierazpen kultural, artistiko eta politikoak bateratu eta aintzat hartu behar dituela proposatu dute, "espazio komunitario, aktibo eta bizia izan behar duelako, baina baita memoriari buruzko espazio didaktikoa ere".

Proiektu museografiko gisa, funts edo ondare propio bat izan behar duela azpimarratu du Memoria Garak; horrekin batera, ikerketa gune bat eta jardueren zein erakusketen agenda bat ere izan beharko lituzke ardatz.

Eskubideak ardatz

"Langile oroimena osoa eta askotarikoa dela, baina boterearen edozein injustizia edo gehiegikeriarekiko sentikortasun izugarria du", azpimarratu dute proiektuaren aurkezpenean. Horregatik, proiektuaren erdigunean eskubideak jarri dituzte, eta giza eskubideekin batera, eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak. Azken horiek bigarren mailako eskubidetzat hartzen dira, baina proiektu honetan erabateko garrantzia hartzen dute.

Eskubide horiek guztiak aldarrikapen aktiboaren xede izan ziren 1976an, eta, Memoria Gararen ustez, hala izaten jarraitu behar dute gaur egun ere: "Horrek esan nahi du lekukoen, biktimen, bizirik atera direnen eta inplikatutako gainerako pertsonen eskubideak errespetatzen ez dituen edozein proiektu baztertuko dela; era berean, ez da onartuko memoria kolektiboari buruzko hutsaltzerik edo merkantilizaziorik", gaineratu dute.

Josu Santamarina historialaria arduratu da proiektuaren garapenaz.

 

Erakundeen inplikazioa

Azkenik, nabarmendu dute horrelako proiektu batek erakunde publikoen laguntza izan behar duela. Horrenbestez, proiektua amaitu ondoren, Memoria Garako kideak harremanetan jarriko dira orain Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Gasteizko Udalarekin eta Gotzaindegiarekin. Harreman bira urtarrilean hastea aurreikusi dute.

 Hala ere, ohartarazi dute erakunde horiek ezin dutela inola ere "prozesua eta diskurtsoak monopolizatu, Martxoaren 3ko memoria ez baita inola ere memoria ofizial edo erosoa; argi eta garbi arbuiatuko dugu memoria zein ekimen hau instituzionalizazio prozesu batean xurgatzea, horrek etxekotze eta hutsaltze saiakera bat badakar".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago