Memoria Gara manifestua aurkeztu dute hainbat pertsona ospetsuk. Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren elizaren plazan aurkeztu dute Gasteizko "memoria inklusiboa" mantentzeko egiten duten proposamena, hain zuzen tenpluan kokatzea memoria eta giza-eskubideen zentroa. Ekinbidearen bultzatzaileen artean daude Katixa Agirre idazlea, Izaskun Urkijo zinegilea, Juanjo Mena orkestra zuzendaria, Jose Angel Cuerda alkate-ohia, Eloi Beato aktorea eta Blanca Urgell EHUko irakaslea.
Memoria Gara manifestuan jaso dutenez, "1976ko martxoaren 3a odolez hiriaren gogoan dago eta, horregatik, San Frantzisko tenpluak sarraskiaren biktimen memoriari lotutako proiektu bat har dezan eskatzen dugu eta, bide batez, memoria eta giza eskubideei lotutako politikak garatzeko balio behar du". Hortaz, Apezpikutzari dei egin diote "baimendu dezan Gasteizek leku hori memoriaren adierazgarrienetako ikur bezala kontserbatzea", eta bide horretan elkarlana bultzatzeko galdegin diete erakunde publikoei, "eta aldarrikapen horrekin bat egin dezaten eskatzen diogu Gasteizko jendarteari".