Arabarron memoria

San Frantzisko elizako memoriaren gunea diseinatzeko jardunaldia antolatu dute

Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 11:32

Memoria Gara ekimenaren prentsaurreko bat, Zaramaga auzoan. / ALEA

Memoria Gara ekimenak 11n 11etan izeneko jardunaldia antolatu du larunbaterako, Asisko San Frantzisko elizan oroimenerako gune bat sortzen jarraitzeko. Espazioa modu partekatuan diseinatzeko beste urrats bat izatea nahi dute.

Larunbat honetan, abenduaren 11n, 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan eragindako sarraskiaren lekuko izandako Asisko San Frantzisko elizan oroimenerako gune bat sortzen jarraitzeko beste urrats bat emango du Memoria Gara herri ekimenak.

11n 11etan izeneko topaketaren helburua ariketa kolektibo eta diziplinartekoa egitea izango da. Horretarako, hainbat arlotan —arkitektura, arkeologia, arte plastikoak, historia, ikus-entzunezko komunikazioa, kultura...— esperientzia duten pertsonak gonbidatu ditu Memoria Garak.

Gainera, Memoria Gararen asmoa da "Luis Peña Gantxegik diseinatutako tenpluak eskaintzen dituen espazio, forma, eduki eta aukerei buruz pentsatzea eta ideiak partekatzea". Izan ere, "Martxoaren 3ko memoriek adierazten duten guztiaren gainean" zentro bat hartzeko berreskuratu nahi dute eliza.

Jardunaldia 11:00etan hasiko da, tenplura egingo den bisita batekin. Barruan, Memoria Garak proiektuari buruzko azalpenak emango ditu, eta tarte bat utziko da instalazioak bisitatu eta espazioak eskaintzen dituen aukerei buruz hausnartzeko. Horren ostean, M3moria Gunera mugitu eta hiru lantalde osatuko dira, plano zehatzen gainean espazioa asmatzen hasteko. Azkenik, bateratze lana egingo da.

Espazioaren diseinu partekatua

2018ko urrian egitasmoa aurkeztu zenetik, azken bi urteetan, espazioa diseinatzen aritu dira Memoria Gara ekimenaren sustatzaileak. Besteak beste, 2020ko otsailean Martxoak 3: Memoria(k), Espazioa(k), Kolektiboa(k) topaketak antolatu zituzten; hamabost adituren eskutik, edukiak, espazioko esku-hartzea eta kudeaketari begira, proiektua gauzatzeko hainbat gako jorratu ziren bertan.

Duela urtebete, 2020ko abenduan, San Frantzisko elizan memoriaren gune bat sortzeko proiektua aurkeztu zuen Memoria Garak, proiektuaren oinarriak zehazteko. Asteburu honetako jardunaldiekin, berriz, "espazioa modu partekatuan diseinatzeko beste urrats bat" egin nahi du Memoria Garak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago