Mercedesek ekoizpenari berrekingo dio asteartetik ostiralera

Astean lau egunez lan egitea da aztertzen ari diren aukeretako bat. / MERCEDES-BENZ

Hirugarren astez jarraian gelditu ostean, irailaren 21etik 24ra ekoizpenari berrekingo dio Mercedesek. Erdieroaleen hornikuntza faltak eragindako ziurgabetasunarekin, hemezortzi ABLEE egun geratuko dira oraindik kontsumitzeko.

Oporraldiaren ostean, iraila ezin okerrago iritsi da Mercedesek Gasteizen duen fabrikara. Iraileko lehenengo astean ekoizpena erabat gelditu behar izan  zuen Asiatik inportatutako erdieroaleen hornikuntza falta zela eta. Irailaren 3tik aurrera, malgutasuna ahalbidetzeko hitzarmenean jasotako ordu-poltsa agortuta, indarrean sartu zen zuzendaritzak enpresa batzordearen gehiengoarekin adostutako ABLEEa —abenduaren 31ra bitartean 30 eguneko malgutasuna izateko—. Joan den astean, irailaren 13tik 17ra bitartean ere, ekoizpena hirugarren astez jarraian eten behar izan zuten.

Aste honetarako, ordea, argi izpi txiki bat piztu da mikrotxipen krisiaren iluntasunean: zuzendaritzak joan de asteazkenean iragarri zuen gaur, irailaren 21ean, ekoizpenari berrekiteko erdieroale nahikoak topatu dituela. Hortaz, muntaketa zein pintura lerroen ohiko erritmoa berreskuratuko da eta lanera itzuliko dira Gasteizko fabrikako 5.000 langileak, azpikontratatutako enpresa hornitzaileen artean 600 bat enpresa eta 40.000 langile inguru ondorioak areagotzen ari diren bitartean.

Hala ere, asteleheneko etenaldia kontuan hartuta, jarduerarik gabeko egunak 28 izango dira 2021ean, gutxienez. Egoeraren ziurgabetasuna dela eta, datozen hilabeteetan enpresak astero aztertuko du ekoizpena gelditu behar ote duen. Ekoizpena gelditzen den egunetan, soldataren %80 jasoko dute langileek.

Horrela, irailaren 3an indarrean sartu zen Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientearen (ABLEE) egoera honako hau izango da: gastatutako lanaldiak hamabi izango dira dagoeneko, eta, beraz, espedientea kontsumitu arte, 18 egun geratuko zaizkie hemendik urte bukaera arte. Krisiari aurre egiteko zuzendaritza aztertzen ari den aukeretako bat da astean lau egunez lan egitea eta beste egun bat ABLEEan sartzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide