Mercedesek 30 eguneko ABLEE bat ezartzeko aukera onetsi du

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 09:00
Mercedesek urteko 30 egunetan ekoizpena eteteko aukera izango du. / Argazkia: MERCEDES

Urtea amaitu arte luzatuko den ABLEE bat onetsi du Mercedesek, erdieroaleen hornikuntza faltari aurre egiteko. Gasteizko lantegiak ia 8.000 furgoneta gutxiago ekoitziko ditu aurten, eta astero aztertuko du ekoizpena gelditu behar ote duen.

Azkenean ireki da Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen (ABLEE) prozedura Mercedesek Gasteizen duen fabrikan. Eta ez da pandemiaren ondorio ekonomikoengatik izan, baizik eta Asian ekoiztutako erdieroaleen hornidura faltak eragindako egoeragatik.

Izan ere, joan den aste osoan zehar ekoizpena gelditu behar izan zuen arrazoi horregatik, eta plantillak bere gain hartu behar izan du geldialdia, ordu-poltsaren bitartez eta hainbat larunbatetan lan eginez. Ordu-poltsa horrek oraindik zortzi eguneko tartea eskaintzen du enplegua erregulatzeko espedientea aplikatu aurretik; hau da, ordu-poltsa agortzen denean (agortzen bada) sartuko litzateke indarrean.

"Ziurgabetasun handiko" egoeraren aurrean erabaki du zuzendaritzak ABLEEa ezartzea, ekoizpen arrazoiak argudiatuta. Horrela, Mercedesek malgutasun handiagoa izateko asmoa du, urtarrilera bitartean 30 egunetan ekoizpena eteteko aukera zabalik utziz, hitzarmen kolektiboan ezarritako malgutasun neurriez harago. Langileen soldataren %80 bermatuko luke, eta oporrak zein aparteko ordainsariak salbuetsita geratuko lirateke, %100ean jasoko baitira.

Zuzendaritzak ostegun honetan helarazi dio proposamena langileen ordezkariei. Enpresa batzordea osatzen duten sindikatuen artean, jarrera ezberdinak izan dira: UGT, CCOO, Ekintza eta Mercedesen Plataforma Independenteak (PIM) osatutako gehiengo sindikalak ABLEEa onartu du; ELA eta ESK sindikatuek proposamena aztertuko dute.

LAB sindikatua, ordea, kontra agertu da, "enpresari erabateko malgutasuna ematen baitio eta langileei ordainarazi dielako enpresak alegatutako arazoa, enplegua bermatu gabe". Sindikatu abertzaleak, gainera, "ABLEE prebentiboa" onartu duten beste sindikatuen jarrera kritikatu du, bere ustez "itsu-itsuan onartu dutelako".

Enpresaren aurreikuspenen arabera, ekoizpena %5 murriztuko da eta 7.600 furgoneta gutxiago ekoiztuko dituzte aurten; urte hasieran, Vito eta V Klasea motako 148.600 furgoneta ekoiztea aurreikusi zuen, eta, beraz, aurtengo aurreikuspena 141.000 furgonetatan geldituko da, oraingoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide