Oporraldiaren ostean, iraila ezin okerrago iritsi zen Mercedesek Gasteizen duen fabrikara. Iraileko lehenengo astean ekoizpena erabat gelditu behar izan zuen Asiatik inportatutako erdieroaleen hornikuntza falta zela eta; joan den ostiraletik aurrera —irailak 3—, malgutasuna ahalbidetzeko hitzarmenean jasotako ordu-poltsa agortuta, indarrean sartu zen zuzendaritzak enpresa batzordearen gehiengoarekin adostutako ABLEEa —abenduaren 31ra bitartean 30 eguneko malgutasuna izateko—.
Asteazken honetan, zuzendaritzak etenaldi berri bat iragarri du larriagotzen ari den mikrotxipen krisiaren ondorioz: irailaren 13tik 17ra bitartean ere, bost egunetan eta hiru txandetan etengo da ekoizpena. Hortaz, berriz ere etxean gelditu beharko dira Gasteizko lantegiko 5.000 langileak, azpikontratatutako enpresa hornitzaileen artean —600 bat enpresa eta 40.000 langile inguru— ondorioak areagotzen diren bitartean.
Bost egun horiek kontuan hartuta, jarduerarik gabeko egunak 27 izango dira 2021ean, gutxienez. Zuzendaritzaren asmoa ekoizpenari irailaren 20an berrekitea den arren, egoeraren ziurgabetasuna dela eta, datozen hilabeteetan enpresak astero aztertuko du ekoizpena gelditu behar ote duen. Ekoizpena gelditzen den egunetan, soldataren %80 jasoko dute langileek.
Etenaldi berriaren eraginez, joan den ostiralean indarrean sartu zen Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientearen (ABLEE) egoera honako hau izango da: gastatutako lanaldiak hamaika izango dira dagoeneko, eta, beraz, espedientea kontsumitu arte, 19 egun geratuko zaizkie hemendik urte bukaera arte.
Sindikatuen kritikak
Orain arte ABLEEa nolabaiteko etsipenez onartu duten arren, kritikak areagotzen ari dira sindikatuen artean. Datorren asteko etenaldiaren berri izan ostean, ELA kritiko agertu da Mercedesen "azken erabakiarekin eta egindako kudeaketarekin".
Eguerdian plazaratu duen komunikatuan, sindikatuak argi utzi du ez duela zalantzan jartzen "munduan hornidura falta dagoenik", ezta horren ondorioak ere. Baina mikrotxip falta zegoela "aspalditik" jakina zela ohartarazi du, zuzendaritzak "ezer" egin ez zuela iritzita: "Mercedesen egunak aktibatzen ziren urtarrilerako, gaueko txandaren ordutegia zabaltzen zen, eta larunbat askotan ere lan egin zen produkzioa handitu zedin", kritikatu du ELAk.
"Enpresa une oro ari da denborak eta neurriak kontrolatzen, plantillaren egoera kontuan hartu gabe", salatu dute.