Mercedesek ekoizpena etengo du berriro aste honetan, erdieroale faltagatik

Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 06:00
Erdieroaleen krisia gogor kolpatzen ari da Gasteizko lantegia. / MERCEDES-BENZ

Erdieroaleen krisia larriagotzen ari da, eta Merecesek ekoizpena erabat etengo du abuztuaren 30etik irailaren 3ra bitartean.

Mercedeseko zuzendaritzak joan den ostegunean langileei jakinarazi zienez, aste osoan zehar ekoizpena geldituko du, berriz ere, erdieroaleen hornikuntza faltaren ondorioz. Azken hilabeteetakoei gehituko zaien etenaldi berriak bost egun iraungo du eta hiru txandetan ezarriko da.

Gasteizko lantegian 5.000 langile inguruk lan egiten dute. Erdieroaleen hornikuntza faltak eragindako egoerari aurre egiteko, 30 eguneko ABLEE bat ezartzeko aukera adostu zuten uztailean zuzendaritzak eta enpresa batzordeko gehiengoak. Azken geldialdiaren ondorioz, ABLEEa indarrean sartuko da jada, malgutasuna ahalbidetzeko hitzarmenean jasotako ordu-poltsa agortuta (lau egun baino ez baitziren gelditzen).

Ekoizpena gelditzen den egunetan, soldataren %80 jasoko dute langileek. Betiere, enpresak astero aztertuko du ekoizpena gelditu behar ote duen.

Gainera, etenaldiaren eraginez, 2.840 furgoneta inguru ekoizteari utziko dio Gasteizko lantegiak. Horrela, eguneratutako aurreikuspenen arabera, 138.816 furgoneta ekoitziko lirateke 2021ean, uztailaren 1ean egindako aurreikuspenean urte osorako zehaztutako 141.001 unitateen ordez. Egoeraren ziurgabetasuna dela eta, enpresak eta batzordeak bilera egingo dute datorren ostegunean, irailaren 2an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide