Musika, zinema eta giro paregabearekin hasi da Korterraza

Erredakzioa 2021ko uzt. 8a, 17:15

A Contra Blues taldearen kontzertuarekin batera, Arabako Film Laburren Eguna ospatu zen atzo Iradier Arenan. Ostiralean izango dira Korterraza jaialdiaren azken emanaldiak eta sari banaketa, baina jaialdia igandean amaituko da.

Uztailaren 7tik 11ra bitartean, martxa bizian ospatzen ari da Korterraza Film Laburren eta Musikaren Jaialdiaren XII. edizioa . Hautatutako 46 film laburrez gain, kontzertu ugari eskainiko dira Iradier Arenan: asteazkenean A Contra Blues taldearen kontzertuaren ostean, Willis Drummond (ostegunean), Freedonia (ostiralean), Capsula eta Corizonas (igandean) taldeak arituko dira egunotan oholtza gainean.

19:30ean hasiko diren kontzertuetan sarrerak erosi beharko dira Korterrazaren webgunearen bitartez. Kontzertuen ondoren, proiekzioak 22:00etan hasiko dira ostiralera bitartean; kasu honetan, sarrera librea izango da edukiera bete arte. Igandean, berriz, soilik musika izango da protagonista.

Sari banaketa

Ostiral honetan, hilaren 9an, publikoak Sail Ofizialaren, Komediaren eta Erakustaldiaren azken saioaz gozatu ahal izango du. Komedia, animazioa, drama eta suspenseko hamaika lan izango dira ikusgai: Timecode filmagatik Cannesen Urrezko Palmaren irabazle eta Oscar sarietarako izandatutako Juanjo Gimenezek Ascenso aurkeztuko du, futbolari eta iruzurrei buruzko istorioa; David Matarok Llengua amb tàperes zonbien komedia aurkeztuko du; eta Albert Ivarsen Denuncia filmak eztarrian korapiloa jarriko die ikusleei, sexu indarkeriaren dramaren inguruan gogoeta eginaraziz.

Proiekzioen ostean, edizio honetan saritutako film laburrak iragarriko dituzte. Lander Otaola, Gorka Aguinagalde eta Iñigo Salinero aktoreek osatuko dute aurtengo epaimahaia, sail ofizialeko hiru sarien eta Komedia sariaren irabazleak aukeratzeko. Gainera, hirurak dira jaialdian ikusgai izango den El carné film laburreko aktoreak, baina film hori ez da lehiaketan sartuko.

Bestalde, Korterraza Txiki atalak sailerako epaimahai berezia izango du, zazpi irakaslek osatua: Estefania Perez, Irati Hornas, Iara Ibañez, Iñaki Goñi, Mireia Aizpuru, Iñigo Fernandez eta Patricia Sierra. Horiek aukeratuko dituzte haur eta familien saileko bi sariak.

Guztira, zazpi sari banatuko ditu Korterrazak: Alex Angulo-El Correo-75. urteurrena Saria; Keler Saria; Laboral Kutxa Ikusleen Saria; Grupo Eleyco Saria, komedia onenari; Korterraza Txiki Saria (lehen eta bigarrena); Sensibiliza Saria eta Korterraza Araba Saria. Zazpi sari horien irabazleak uztailaren 9an emango dira ezagutzera, proiekzioen hirugarren saioaren ondoren. Zortzigarren saria, Bertako Igogailuak-Euskara Sariaren irabazlea ekainaren 22an jakinarazi zen, film laburren hautaketa iragarri zenean. Ibon Landaren Kirolak lanak irabazi zuen euskarazko ekoizpena sustatzeko sari hori, eta, besteak beste, Korterrazaren sail ofizialean parte hartzea dakar berekin.

46 film labur

Joan den otsailaren 26an deialdia ireki zenetik, 1.000 lan inguru jaso zituen jaialdiak. Horien artean, Kultura Kalean! Ekimenak 46 lan aukeratuko ditu. Horiek izango dira Gasteizen asteazkenetik aurrera ikusi ahal izango direnak, baita Korterraza Araba jaialdi ibiltarian ere udan zehar. Hiru arlotan banatu dituzte: Sail ofiziala, Komedia eta Erakustaldia.

Jasotako film laburren artean, Arabako lanen presentzia handia nabarmendu dute antolatzaileek, eta, azken urteetan bezala, Arabako Film Laburren Eguna ospatu zen atzo, asteazkenean. Bertan aurkeztu ziren David Perez Sañudoren La colcha y la madre, Mikel Bustamante zuzendari eta aktore amurrioarraren Caníbales, Imanol Ortizen Oculto, Paul Urkijoren Dar-Dar, Pablo Pinedoren El comité, Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos, edo El carné, Xabi Vitoria Korterrazako zuzendarikidearen debuta kameraren atzean; azken hori lehiaketaz kanpo ikusi ahal izan da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide