Korterraza ibiltaria Arabako 37 herritatik igaroko da

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 11:30
Korterraza Araba jaialdi ibiltariaren aurreko edizio bat. / KORTERRAZA

Korterrazak 46 film labur hautatu ditu aurten. Gainera, jaialdi ibiltariaren zazpigarren edizioak 45 proiekzio antolatuko ditu lurraldeko 37 herritan, uztailetik irailera bitartean.

Korterraza film laburren Gasteizko jaialdiaren XII. edizioa uztailaren 7tik 11ra bitartean izango da Iradier Arenan. Baina, urtero bezala, hiriburutik kanpo ere gozatu ahal izango da urteko film laburrik nabarmenekin; izan ere, uztailetik irailera bitartean, Korterraza Araba jaialdi ibiltariari esker, aire zabaleko zinema areto handi bihurtuko dira Arabako plaza eta kaleak.

Aldundiak, Laboral Kutxak eta Kultura Kalean elkarteak antolatutako zazpigarren edizio honetan, 45 proiekzio izango dira Arabako 37 herritan; iazko udan, 26 saio egin ziren 24 herritan, beraz, hazkunde nabarian dago jaialdi ibiltaria.

"Pandemiak markatutako urte zail baten ostean, kaleko kulturari bultzada bat izango da, eta lehiaketan parte-hartze errekorra", azpimarratu du Xabi Vitoria jaialdiaren antolatzaileak. "Iazko beldurren ostean, oso garrantzitsua iruditzen zaigu plazek eta kaleek herritarrak biltzen jarraitzea, jarduera kulturalak eta bestelakoak partekatzeko".

37 plaza

Uda honetan, honako hauek izango dira parte hartuko duten herriak edo guneak: Armiñon, Agurain, Oroko Santutegia, Manzanos, Dulantzi, Aramaio, Okondo, Pobes, Langraiz, Bergonda, Araia, Ondategi, Lanteno, Estavillo, Gatz Arana, Artziniega, Maeztu, Zurbao, Urizaharra, Ozio, Izarra, Bastida, Langarika, Etura, Berantevilla, Zuhatzu Kuartango, Burgu, Gebara, Narbaxa, Salcedo, Zabalate, Bernedo, Ribaguda, Espejo, Durruma, Erentxun eta Laudio.

Korterraza Arabaren kasuan, ekitaldian parte hartuko duten herriek euren saioa lau atalen artean aukeratu ahal izan dute: Super Hautaketa (Sail Ofizialeko film labur aipagarrienekin), Komedia, Txiki eta Mix, aurreko hiruren nahasketa.

Datak, kokapenak, ordutegiak eta xehetasun guztiak www.korterraza.com webgunean kontsulta daitezke dagoeneko.

 

46 film

Bestalde, bai Gasteizen eta baita bertsio ibiltarian ere, Korterrazak 46 film labur eskainiko ditu uda honetan, lau ataletan banatuta: Sail Ofiziala, Erakustaldia, Komedia, Txiki eta Sentsibiliza.

Azken edizioetan bezala, beste lan askoren artean, lurraldeko zinemagileen lan garrantzitsuak aurkeztuko dira Korterrazan: La colcha y la madre (David P. Sañudo), Caníbales (Mikel Bustamante), Oculto (Imanol Ortiz Lopez), El carné (Xabi Vitoria), Dar-Dar (Paul Urkijo Alijo), El comité (Pablo Pinedo) eta Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz). Lan horiek Arabako Film Laburren Egunean izango dira ikusgai.

Euskara Saria

Kirolak film laburrak irabazi du Bertako Igogailuak - Euskara Saria. Ibon Landa zuzendariaren lana herri kirolen inguruko hausnarketa da, tradizioa eta abangoardia nahasten dituena.

Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenari laguntzeko sortutako sariak aitortza bikoitza eskaintzen du: alde batetik, sari bat du eskudirutan, eta, gainera, Sail Ofizialean sartzea. Landaren lana gogor lehiatu da Maria Elorza gasteiztarraren eta Koldo Almandoz donostiarraren Quebrantos lanarekin, baina azken hori ere Sail Ofizialean ikusi ahal izango da.

Erronka garbia

Kultura Kalean! elkarteak, ekimen jasangarriak bultzatzeko asmoz, Korterraza Araba ziurtatu du Erronka Garbia ekitaldi jasangarri gisa, 2019tik Gasteizko jaialdiarekin egin zuen bezala. Izan ere, Iraunkortasun Plana prestatu dute, eta aurten proba gisa aplikatuko da lau herritan, 2022an proiekzio guztietara zabaltzeko. Planak hondakinak kudeatzeko, birziklatzea bultzatzeko eta paper inprimatua aurrezteko neurriak jasotzen ditu, besteak beste.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide