Iradier Arenan ospatuko da aurtengo Korterraza, Gasteizko aire zabaleko Film Laburren eta Musikaren Jaialdia. Uztailaren 7an, 8an, 9an eta 11n, azken urteko film labur nabarmenenak eta kontzertu paregabeak izango dira bertan, Kultura Bizia egitasmoaren barruan.
Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, jaialdia antolatzen duen Kultura Kalean elkarteko Xabi Vitoria, eta Laboral Kutxako Arabako zuzendari Luis Daniel Bernal izan dira astelehen honetan jaialdiaren behin betiko xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoan.
Lau egunetan banatutako 46 film labur ikusi ahal izango dira pantaila erraldoia batean, eta bost kontzertu gozatu Iradier Arenako oholtza gainean, A Contra Blues (uztailaren 7an), Willis Drummond (uztailaren 8an), Freedonia (uztailaren 9an), Capsula eta Corizonas (uztailaren 9an) taldeen eskutik. Proiekzioak 22:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte; 19:30ean hasiko diren kontzertuetan, ordea, sarrerak erosi beharko dira Korterrazaren webgunearen bitartez.
"Musikari dagokionez, jaialdiak bere hamabi urteetan izan duen kartelik onena du, ziur aski", azpimarratu du Vitoriak. "Iaz bezala, pandemiak zailtasun asko ekarri dizkigu, baina oso pozik gaude aurkezten dugun jarduera programarekin, jaialdi seguru bat egiteko aukera izan dugulako eta kalea kulturaren topagunea izaten lagundu dugulako", gaineratu du.
46 film labur
Joan den otsailaren 26an deialdia ireki zenetik, 1.000 lan inguru jaso zituen jaialdiak. Horien artean, Kultura Kalean! Ekimenak 46 lan aukeratuko ditu. Horiek izango dira Gasteizen asteazkenetik aurrera ikusi ahal izango direnak, baita Korterraza Araba jaialdi ibiltarian ere udan zehar. Hiru arlotan banatu dituzte: Sail ofiziala, Komedia eta Erakustaldia.
Jasotako film laburren artean, Arabako lanen presentzia handia nabarmendu dute antolatzaileek, eta, azken urteetan bezala, Arabako Film Laburren Eguna antolatu dute hilaren 7an, asteazkenean. Bertan aurkeztuko dira David Perez Sañudoren La colcha y la madre, Mikel Bustamante zuzendari eta aktore amurrioarraren Caníbales, Imanol Ortizen Oculto, Paul Urkijoren Dar-Dar, Pablo Pinedoren El comité, Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos, edo El carné, Xabi Vitoria Korterrazako zuzendarikidearen debuta kameraren atzean; azken hori lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango da.
Beste proiekzioak
Horrez gain, udan zehar beste bi saio egingo dituzte Iradier Arenako proiekzioen osagarri gisa: abuztuaren 26an, 21:15ean, Korterraza Sensibiliza Artium Museoan; eta irailaren 2an, 21:00etan Zumaia plazan, Korterraza Txiki.
Epaimahaia eta sariak
Lander Otaola, Gorka Aguinagalde eta Iñigo Salinero aktoreek osatuko dute aurtengo epaimahaia, sail ofizialeko hiru sarien eta Komedia sariaren irabazleak aukeratzeko. Gainera, hirurak dira jaialdian ikusgai izango den El carné film laburreko aktoreak, baina film hori ez da lehiaketan sartuko.
Bestalde, Korterraza Txiki atalak sailerako epaimahai berezia izango du, zazpi irakaslek osatua: Estefania Perez, Irati Hornas, Iara Ibañez, Iñaki Goñi, Mireia Aizpuru, Iñigo Fernandez eta Patricia Sierra. Horiek aukeratuko dituzte haur eta familien saileko bi sariak.
Guztira, zazpi sari banatuko ditu Korterrazak: Alex Angulo-El Correo-75. urteurrena Saria; Keler Saria; Laboral Kutxa Ikusleen Saria; Grupo Eleyco Saria, komedia onenari; Korterraza Txiki Saria (lehen eta bigarrena); Sensibiliza Saria eta Korterraza Araba Saria. Zazpi sari horien irabazleak uztailaren 9an emango dira ezagutzera, proiekzioen hirugarren saioaren ondoren. Zortzigarren saria, Bertako Igogailuak-Euskara Sariaren irabazlea ekainaren 22an jakinarazi zen, film laburren hautaketa iragarri zenean. Ibon Landaren Kirolak lanak irabazi zuen euskarazko ekoizpena sustatzeko sari hori, eta, besteak beste, Korterrazaren sail ofizialean parte hartzea dakar berekin.