Xabi Vitoriak 'El carné' film laburra aurkeztuko du Korterrazan

Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 13:20

Apirilean, Xabi Vitoriak El carné filmatu zuen Gasteizen, Lander Otaola, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinerorekin. Korterraza jaialdian estreinatuko du uztailaren 7an, eta Tarazonako Komediako Zinema Jaialdian ere izango da abuztuan.

El carné datorren asteazkenean, uztailaren 7an, estreinatuko da, 22:00etan Iradier Arenan, Korterraza Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioaren barruko Arabako Film Laburren Egunean; sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Xabi Vitoriaren lanaren protagonistak Lander Otaola, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero dira.

Korterrazaren bertsio ibiltariak Arabako herrietara eramango du filma, eta abuztuan Tarazona y el Moncayo - Paco Martinez Soria Komediako Zinema Jaialdi ospetsuaren sail ofizialean parte hartuko du. Emanaldia abuztuaren 20an izango da, 19:00etan, Tarrazonako Arte Ederren Antzokian.

Aitatasuna komedia moduan jorratzen duen istorioa da. Lehen aldiz aita izango den gazte bat (Lander Otaola) eta bi funtzionario berezi (Iñigo Salinero eta Gorka Aginagalde) dira protagonistak. Joan den apirilean filmatu zuten Gasteizko Zaramaga auzoan. Play Gasteizek ekoitzi du, Eleyco Taldearen eta Juanjo Vitoriaren laguntzarekin; gainera, Kultura Kalean eta Ivan Saldañaren laguntza izan du.

Debuta kamera atzean

"Dena oso ondo ari da joaten", azaldu du Xabi Vitoriak, bere debuta den El Carné filmaren zuzendari eta gidoilariak. "Film laburra etxean estreinatuko dugu, familiaren, lagunen eta hurbildu nahi duen ororen aurrean. Oso pozik gaude dena nola hasi den ikusita, eta espero dugu ikusleek une on bat igarotzea eta barre egitea; azken finean, horretarako egin baitugu hau guztia ".

"Lehen aldiz filmatzen duzunean, emaitza espero zenuenaren parean ez egoteko beldur zara", aitortu du Vitoriak. "El Carné-rekin talde osoa oso pozik geratu zen filmaketarekin, batez ere kontuan hartzen baditugu denbora eta diru mugak. Orain, komediaren munduan erreferente den Tarazonako jaialdiak hautatu izanak sinestarazi egin digu benetan lan ona egin dugula".

Taldea eta esperientzia

Xabi Vitoriaren film laburrak eskarmentu handiko talde tekniko eta artistikoarekin kontatu du. Lander Otaola, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero aktoreez gain, arlo teknikoan Arabako profesional nabarmenek parte hartu dute, azken urteotan lurraldean filmatutako film luze, labur eta telesail gehienetan aritu direnak: Katixa de Silva eta Maria Gomez ekoizleak, Izaskun Urkijo Alijo arte zuzendaria eta Jon Ruiz de Infante argazki zuzendaria, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide