Topaguneak, GEU elkarteak, Lazarraga elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako "Eragiteko janzten" jardunaldien aurtengo azken saioa izan da honakoa. Jardunaldi hauek Gasteizko euskaldunei gure inguruan gertatzen ari denaz berri ematea izan dute helburu alde batetik, eta horretarako metodologia, esperientzia eta bizipen ezberdinak izan ditu eztabaidagai antolatutako lau saioetan.
Azken saio honetan, gure lurraldean, euskalgintzatik sortutako esperientzia komunitario entzutetsuenetakoak diren Aiaraldeako Ekintzen Faktoria eta Lautadako Euskararen Komunitatea protagonisten eskutik ulertzeko lagungarria izan zen saioa. Hain zuzen, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako Gartzen Garaio eta Lautadako Euskararen Komunitateko Oskar Garcia de Bikuña eta Jon Ruiz de Pinedo izan ziren oholtza gainean.
Bi esperientzia komunitario hauen berri izan ondoren, irakaspen horietatik hartutako gako eta ideietan oinarrituta, Gasteizko euskararen komunitatea irudikatzeko aukera izan zuten bertaratuek. Modu horretan, balizko urrats komunitario bati buruzko iritziak trukatzeko dinamika ere gauzatu ahal izan zuten parte-hartzaileek; eta horrenbestez, datorren ikasturtera begira, Eragiteko Janzten jardunaldiek beraien ibilbidea urratzen jarraitzeko aukera izango dute.