Hainbat metodologia prestatu dira azken hamar urteotan komunikazio egoera ezberdinetan euskararen erabilera sustatzeko. Horien artean esanguratsuena "ulerrizketa" metodologia izan da. Ahobizi eta belarriprest kontzeptuen atzean dagoen Pello Jauregi irakasle eta ikertzaileak, metodologia honi buruzko xehetasunak aurkeztu zituen Oihaneder euskararen etxean.
Bertan, "ulerrizketa" metodologia aplikatzeak eskaintzen dituen aukerak eta ikuspuntu soziolinguistikotik komunikatzeko modu honek zer garrantzia izan dezakeen azaldu zuen Jauregik; ikuspuntu praktikotik erabili beharreko teknika eta praktika egokiak azaldu zituen gainera.
Topaguneak, GEU elkarteak, Lazarraga elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako "Eragiteko janzten" jardunaldien lehen saioa izan zen honakoa. Jardunaldi hauek Gasteizko euskaldunei gure inguruan gertatzen ari denaz berri ematea du helburu alde batetik, eta horretarako metodologia, esperientzia eta bizipen ezberdinak izango ditu eztabaidagai antolatutako lau saioetan. Azken batean, gogoetarako gune eta guneak eskaini nahi dituzte, eta lehen saio honetaz gain, beste hiru saio daude aurreikusita.
- Martxoaren 23an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskararen etxean.
BERRINDARTU ETA JAUZI txosten-proposamena, Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna (Topalabe taldea). - Apirilaren 20an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskararen etxean.
Herritarrak eta euskara AKTIBAZIORAKO GAKOAK. Maialen Iñarra (Soziolinguistika klusterra) eta Zesar Martinez (EHUko Parte hartuz institutua) eta Salburua eta Abetxukuko euskara taldeak. - Maiatzaren 25ean, asteartea, 18:30ean, Oihanerder euskararen etxean.
Arabako esperientzia komunitarioak GASTEIZERAKO EREDU? Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako Gartzen Garaio, eta Lautadako Euskararen Komunitateko Oskar Garcia de Bikuña eta Jon Ruiz de Pinedo.
Jardunaldi horietako bakoitzean parte-hartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, eta modu telematikoan egin daiteke eskaera.