Epe motzera hizkuntza biziberritzeko aukera, eta baita premia ere, izango da, aldez aurretik genituen erronkei, berriak gehitzen ari baitzaizkie. Izan ere, aurreko hamarkadetan aurreratutakoa indartzen, elikatzen eta zabaltzen ez bada, irabazitakoa galtzeko arrisku bizia izango dugu Euskaltzaleon Topagunetik plazaratutako gogoetaren arabera.
Hain zuzen, testuinguru aldaketa honetan, Topalabe taldeak Berrindartu eta jauzi izeneko txostena plazaratu zuen iazkoan, hurrengo hamarkadetan euskararen erabileran jauzi hori lortze aldera eman beharko liratekeen pauso handiak irudikatu eta lehentasunez jorratu beharko liratekeen esparruak identifikatu nahian.
Txostenak garrantzi handia ematen dio, luzera begira, lankidetza publiko-soziala eraikitzeko 3 zutabetan ezarri den oinarriari: administrazioen arteko lankidetza, erakunde publiko eta sozialen artekoa eta euskalgintza barrukoa. Eta horiek esanda, jauzi handia gutxienez bi esparrutan eman behar dela azpimarratzen du txostenak:
- esparru ez-formalean, gazteak hezkuntza-sistemaren barruan dauden bitartean irakaskuntza prozesuaren ezinbesteko osagarri izan dadin.
- eta arlo sozioekonomikoan, hezkuntza-sisteman euskara biziberritzeko egindako ahaleginari segida naturala emango diezaion.
Hausnarketa txosten honi buruzko azalpena Topalabe taldeko Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna kideen esku egon da, Oihaneder Euskararen Etxean, Eragiteko Janzten jardunaldien bigarren saioan.
Eragiteko janzten
Topaguneak, GEU elkarteak, Lazarraga elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako "Eragiteko janzten" jardunaldien bigarren saioa izan zen honakoa. Jardunaldi hauek Gasteizko euskaldunei gure inguruan gertatzen ari denaz berri ematea du helburu alde batetik, eta horretarako metodologia, esperientzia eta bizipen ezberdinak izango ditu eztabaidagai antolatutako lau saioetan.
Pello Jauregik eskainitako lehen saioaren ondoren, "Berrindartu eta jauzi" txosten aurkezteko bigarren saio honetaz gain, beste bi saio daude aurreikusita.
- Apirilaren 20an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskararen etxean.
Herritarrak eta euskara AKTIBAZIORAKO GAKOAK. Maialen Iñarra (Soziolinguistika klusterra) eta Zesar Martinez (EHUko Parte hartuz institutua) eta Salburua eta Abetxukuko euskara taldeak. - Maiatzaren 25ean, asteartea, 18:30ean, Oihanerder euskararen etxean.
Arabako esperientzia komunitarioak GASTEIZERAKO EREDU? Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako Gartzen Garaio, eta Lautadako Euskararen Komunitateko Oskar Garcia de Bikuña eta Jon Ruiz de Pinedo.
Jardunaldi horietako bakoitzean parte-hartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, eta modu telematikoan egin daiteke eskaera.