Gasteizko Udalean EH Bilduko bozeramaile ohi Miren Larrionek dimisioa aurkeztu zuenetik, lehenengo elkarrizketa eskaini du EH Bilduko Arabako koordinatzaile Ibon San Saturninok, Radio Vitoria irratian. Bertan, koalizio subiranistak azken egunetan emandako azalpenak berretsi egin ditu San Saturninok.
Ustez, EH Bilduko aholkulari eta lankide baten nortasuna ordeztu zuen Larrionek, banketxe batean kontu bat irekitzeko. Kide horrek duela hilabete batzuk salatu zuen bere zorroaren desagerpena, baina Noticias taldeko hainbat hedabidek salaketa hori kentzen saiatu izana egotzi diote egunotan Larrionen kideari.
Besteak beste, hainbat hedabidek zabaldu duten informazioa gezurtatu du San Saturninok elkarrizketan: "Larrion salatu zuen alderdikideak ez du salaketa kendu, zabaldu baizik", azaldu du. Koordinatzailearen arabera, alderdikide horrek salaketa kentzeko aukera aztertu zuen hasiera batean, ustezko egilea ezagun bat zela jakin zuenean, "egoerak okerrera egin ez zezan". Hala ere, Ertzaintzak ikerketaren inguruko datu gehiago jakinarazi zizkionean, salaketa zabaltzea erabaki zuen.
Gainera, Ibon San Saturninok ziurtatu du EH Bilduko bozeramaile ohiak eta koalizioak berak —tartean Larrion salatu zuen kideak— dimisioaren alde egin zutela hasieratik, gertatutakoaren berri Larrionen beraren eskutik izan zuten une beretik. "Arduraz jokatu dugu, koherentzia eta azkartasuna erakutsi dugu egoera kudeatzeko orduan. Azalpenik gabeko gertaerak dira, Larrionen bizitza pribatuarekin zerikusia dutenak", azaldu du.
"Badirudi zenbait alderdi politikori min egiten diela EH Bilduk ustelkeria kasurik ez izateak", gaineratu du San Saturninok, EH Bildu "proiektu kolektibo bat" dela azpimarratuz.
Felix Gonzalez, bozeramaile berria
Astearte honetan ere, Gasteizko Udalaren osoko bilkuran, zinegotziei jakinarazi zaie bozeramaile ohiak karguari uko egin diola. Beraz, ofizialki gauzatu da Miren Larrionen dimisioa, eta EH Bilduk egin beharreko ordezkapenak egin ditu udal taldean. Larrion ez da bertaratu Goiuri jauregian egindako saiora.
Kargu-uztea osoko bilkuran aurkeztu ostean, Hauteskunde Batzorde Zentralari jakinaraziko zaio, Larrion ordezkatuko duen zinegotzi berriaren kredentzialak eman ditzan, osoko bilkuraren hurrengo saio baterako. Xabi Ruiz de Larramendik beteko du Larrionen hutsunea, zinegotzi gisa; eta EH Bilduko udal taldearen bozeramaile berria Felix Gonzalez izango da.
Saio berean, udalbatzak behin betiko onetsi du 2021eko aurrekontua, eta asteazken honetan sartuko da indarrean.
Ertzaintzaren ikerketa
Dena otsailaren 22an hasi zen, Miren Larrionek, Gasteizko Udaleko bozeramaileak, ustez nortasuna ordeztu izanagatik Ertzaintzak abiarazitako ikerketa baten ondorioz dimisioa aurkeztu zuenean. EH Bilduk dimisioa onartu zuen, gertakariek koalizioaren "kode etikoa" urratzen zutelako.
Segurtasun Sailak asteartean baieztatu zuen Ertzaintza Larrion ikertzen ari zela, ustez banketxe batean kontu bat irekitzeko beste pertsona baten NANa erabiltzeagatik. Larrionek erabilitako nortasun agiria EH Bilduko beste kide batena zen; aholkularitza lanetan aritzen den kide horrek duela hilabete batzuk salatu zuen bere zorroaren desagerpena.
Nortasuna ordezteko ustezko delitua da Ertzaintza ikertzen ari dena. Zigor Kodearen arabera, delitu hori sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrarekin zigortua dago.
Sekretupeko eginbideak
Azken egunetan hainbat hedabidek ikerketaren inguruko informazioak argitaratu dituzten arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berak sekretupeko eginbideak zirela jakinarazi zuen. Ofizialki, Ertzaintzaren edo Segurtasun Sailaren prentsa-zerbitzuen bidez ez dute horien berri emango, ezta inolako xehetasunik ere.
Hala ere, filtrazio ugari eman dira azken egunetan hedabide zehatz batzuetan, eta EH Bilduk gogor kritikatu du hori, EAJri auzia "politikoki erabiltzea eta informazioa filtratzea" leporatuz.
Miren Larrionen azalpenak
Asteartean Twitter bidez argitaratutako ohar baten bidez, "une zail batean egindako akatsa" onartu zuen Miren Larrionek. "Dena lehenbailehen argitzea nahi dut, eta, horretarako, ireki den ikerketaren esanetara jartzen naiz", azaldu zuen. Ez zuen gertatutakoaren arrazoiak argitu, "guztiz pertsonalak" direla azpimarratuz, baina, "beharrezkoa bada", prozesu judizialean argituko ditu.
"Nire zergak behar bezala ditut eta ez dut betebeharrik saihestu", argitu zuen. Era berean, bere dimisioaren inguruko xehetasunak eman zituen: "Ez dut nahi nire akats pertsonalak EH Bilduri proiektu politiko gisa eragitea, ezta Gasteiz hiriari ere; ordezkari publiko gisa dudan erantzukizuna onartzen dut inolako aitzakiarik gabe".
Quiero aclarar los hechos que sobre mí se están difundiendo públicamente.
— Miren Larrion (@mirenlarrion) February 23, 2021
Quiero que todo se aclare cuanto antes, y para ello, me pongo a disposición total de la investigación que se ha abierto. pic.twitter.com/CsbOK65JIO