Miren Larrionek dimisioa aurkeztu du Ertzaintzaren ikerketa baten ondorioz

Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 11:35

Miren Larrion, EH Bilduren bozeramailea Gasteizko Udalean. / EH BILDU

Nortasuna ordezteagatik Ertzaintzak abiarazitako ikerketa baten ondorioz Miren Larrion Gasteizko Udaleko bozeramaileak aurkeztutako dimisioa onartu du EH Bilduk. Gertakariek koalizioaren "kode etikoa" urratuko lukete.

Astelehen iluntzean, ohar labur bat plazaratu du EH Bilduk, Miren Larrionen dimisioaren berri emateko. Azaldu dutenez, Gasteizko Udaleko bozeramaileak beraz aurkeztu du dimisioa, eta zuzendaritzak onartu egin du.

Oharraren arabera, "bere eremu pertsonalari lotuta dauden gertakari batzuengatik" iritsi da dimisioa. "Gertakari horiek ezkerreko subiranismoaren kargu publikoek eta organikoek sinatzen duten kode etikoa urratuko lukete", azaldu du EH Bilduk.

EH Bildu lehen oharrean emandako azalpenetara mugatu da, ikerketa martxan dagoela azpimarratuz. Bestalde, oraingoz ez du argitu nork hartuko duen Larrionen lekukoa talde subiranistaren bozeramaile gisa.

Ertzaintzaren ikerketa

Segurtasun Sailak baieztatu du Ertzaintza Larrion ikertzen ari dela, ustez banketxe batean kontu bat irekitzeko beste pertsona baten NANa erabiltzeagatik. ALEAk jakin duenez, Larrionek erabilitako nortasun agiria EH Bilduko beste kide batena zen; aholkularitza lanetan aritzen den kide horrek duela hilabete batzuk salatu zuen bere zorroaren desagerpena. Oraindik ez dira ezagutzen gertatutakoaren arrazoiak.

Nortasuna ordezteko ustezko delitua da Ertzaintza ikertzen ari dena. Zigor Kodearen arabera, delitu hori sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrarekin zigortua dago.

Ikusteko dago akusazioa epai bihurtzen ote den, baina momentuz Larrionen dimisioa onartu du EH Bilduk, koalizioaren "kode etikoa urratzeagatik". Zinegotziak Ertzaintzaren egoitzan deklaratu eta ordu batzuetara iritsi zen dimisioa.

Sekretupeko eginbideak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintzak zabalik du Miren Larrionen pertsonari buruzko ikerketa bat, baina sekretupeko eginbideak dira. Beraz, Ertzaintzaren edo Segurtasun Sailaren prentsa-zerbitzuen bidez ez dute horien berri emango, ezta inolako xehetasunik ere.

Miren Larrionen azalpenak

Twitter bidez argitaratutako ohar baten bidez, "une zail batean egindako akatsa" onartu du Miren Larrionek. "Dena lehenbailehen argitzea nahi dut, eta, horretarako, ireki den ikerketaren esanetara jartzen naiz", azaldu du. Ez du gertatutakoaren arrazoiak argitu, "guztiz pertsonalak" direla azpimarratuz, baina, "beharrezkoa bada", prozesu judizialean argituko ditu.

"Nire zergak behar bezala ditut eta ez dut betebeharrik saihestu", argitu du. Era berean, bere dimisioaren inguruko xehetasunak eman ditu: "Ez dut nahi nire akats pertsonalak EH Bilduri proiektu politiko gisa eragitea, ezta Gasteiz hiriari ere; ordezkari publiko gisa dudan erantzukizuna onartzen dut inolako aitzakiarik gabe".

Bost urte eta erdi Udalean

Miren Larrion Ruiz de Gauna Ingeniaritza Industrialean eta Ingurumen Ingeniaritzan doktorea da, eta EHUko irakaslea zen politikagintzan murgildu aurretik. 2015ean, Gasteizko Udalerako hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua izan zen; bigarren indarra bilakatu zen orduan talde subiranista, eta Javier Maroto PPko alkatea kargutik kentzea ahalbidetu zuen, Gorka Urtaran alkate izendatuz.

2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan, berriro aurkeztu zen EH Bilduren zerrendaburu gisa, Gasteizko alkate izateko asmoz. Orduan, hirugarren indarra izatea lortu zuen EH Bilduk, EAJ eta PSEren atzetik.

2016. urtean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Arabako zerrendaburua izan zen. Bertan legebiltzarkide gisa aritu zen 2019ko irailera arte; orduan erabaki baitzuen Gasteizko Udaleko lanera itzultzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago